Igeldoko funikularrean iritsiko dira Errege Magoak Donostiara
Haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, ostiralean, 15:30etik aurrera, udaletxeko udal batzar aretoan.
Gabonei amaiera emateko, Ekialdeko Errege Magoak etorriko dira urtarrilaren 5ean, eta aurten, berritasun gisa, Igeldoko funikularrean iritsiko direla jakinarazi dute. 10:50ak aldera iritsiko dira Donostiara, eta funikularraren plazan agurtuko dituzte lehen aldiz bertara hurbiltzen diren haurrak. Gainera, zozketa bidez aukeratutako 21 haurrek funikularrean Errege Magoekin jaisteko aukera izango dute egun horretan.
Ondoren, 11:00ak aldera, hiriko auzoetara bisita hasiko dute kapotarik gabeko Rolls-Royce batean, espaloietan, leiho eta balkoietan eta zebrabideetan dauden pertsona guztiak agurtu ahal izateko. Funikularretik Antigua zeharkatuko dute eta Pio Baroja eta Izostegi pasealekutik Amarara joango dira. Bertatik, Loiolako Erriberako Maria Zanbrano plazan geldialdia egingo dute (11:15). Jarraian, Arteleku plazara hurbilduko dira (11:45), eta ondoren, Intxaurrondoko Sagastieder plazara (12:20). Sagastiederretik Altzako Harria Parkera joango dira (12:55), eta udaletxera joan aurretik Bidebieta (13:25) eta Gros auzoak (13:55) zeharkatuko dituzte.
Errege Magoek aurreikusita dute 14:20ean udaletxera iristea, haurren gutunak hartu aurretik atseden pixka bat hartzeko. Harrera 15:30ean hasiko da, eta urtero bezala, udaletxeko sarbidean dagokion ilarra ezarriko da Alderdi Ederreko terrazatik. Errege bakoitzak bere ilara izango du, eta gutuna emateko ilara 17:10ean itxiko da.
Halaber, udalak jakinarazi duenez, ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta. Bestalde, aurreko urteetan bezala, Errege Magoek zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen urritasuna duten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.
Errege Magoen desfilea, “koloretsua eta erritmo handikoa”
Errege Magoen ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau egingo du: Bulebarra, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Bulebarra.
Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Meltxor erregearen karroza, Greziako zibilizazioan oinarrituta; Gaspar erregearen karroza, Egiptoko zibilizazioan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, Afrikako sabanako animalien munduan oinarrituta, eta, azkenik, buruhandien karroza. Halaber, ohiko paje taldeak izango dira erregeei laguntzeko, eta desfileari kolorea eta musika jarriko dioten animazio talde ezberdinak.
Desfilea amaitu bezain laster, Errege Magoek adineko pertsonen zentroak bisitatuko dituzte: San Jose de la Montaña, Villa Sacramento eta Matia Rezola.