Omenaldia egingo diote Txillardegiri urtarrilaren 14an
Txillardegiren heriotzaren hamabigarren urteurrenean, lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, kantuak eta dantza izango dira.
Urteroko legez, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak Txillardegi omenduko du urtarrilaren 14an, bere heriotzaren hamabigarren urteurrenean. Ekitaldia Antiguako Gaskonia Plazan egingo dute, 12:00etan.
Bertan izango dira Kike Amonarriz eta EHE taldearen ordezkaria, “Txillardegiren ekarpena eta euskarak bizi duen oldarraldia azaltzeko eta aztertzeko”. Horrekin batera, lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, kantuak eta dantza izango dira.
“Bidez batez, oraindik izenik ez duen Donostiako Udaleko udal liburutegi zentralari Txillardegi izena jar diezaioten eskatuko dugu, Martin Ugaldek, Koldo Mitxelenak edota Elvira Zipitriak Donostian duten modu berean, Txillardegik ere bere eraikina izatea merezi duelako Donostian”, aldarrikatu dute antolatzaileek.