Salatu dute udalak ez duela erabiltzen ostalaritza establezimenduen kopurua murrizteko tresna
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak “laxokeriaz” jokatzea leporatu dio Donostiako Udalari, ostalaritza establezimenduen erregulazioari dagokionez: “Udalak ez al du tresnarik ostalaritza establezimenduen kopurua murrizteko? Bai, baina ez du erabiltzen”.
Izan ere, elkarteak azaldu duenez, “udalak duela 20 urte Parte Zaharra ostalaritza establezimenduen eremu saturatua izendatu zuen. Taberna asko zeudelako egin zuen, baita ere ‘hainbeste lokalen metatze ondorioek eragozpenak sortzen dituztelako eta beraz, ezin direlako ohiko neurri zuzentzaileen bidez konpondu’. Ezarri ziren muga bereziek iraun egingo zuten tabernen eta bezeroen arteko erlazioa 160 biztanleko taberna batera jaisten ez zen bitartean Gaur egun, 30 biztanleko taberna bat dago, beraz, ez dirudi helmugara hurbiltzen ari garenik”.
Horrela, Parte Zaharrean Bizik nabarmendu du udalak baduela ostalaritza establezimenduak murrizteko tresna bat erabilgarri: “Taberna lizentzia iraungi egiten da jarduerarik gabe sei hilabete igaro ondoren”. Gaineratu dutenez, “ordenantzak hauxe dio zehazki: ‘Ordenantza honetan jasotako jardueren irekiera eta funtzionamendu lizentziak iraungitzat joko dira jarduera horiek benetan amaitu direla egiaztatzen denetik sei hilabete igaro ondoren’. Hor dago akatsa: Donostiako Udalak ez duela tabernak itxita daudela berrikusten edo egiaztatzen. Sei hilabeteak ez dira jarduerarik gabe igarotzen, udala ez baita zenbatzen hasten”.
Hamaika kasuren berri eman dute
Horren aurrean, auzo elkarteak sei hilabete baino gehiago itxita zeramaten hamaika ostalaritza establezimendu kontabilizatu zituen Parte Zaharrean, eta, azaldu dutenez, 2022ko martxoaren 28an bidali zioten zerrenda udalari. “Udalaren erantzunik iristen ez zenez, beste 13 idazki erregistratu ditugu ordutik, udalaren jarduketa eskatuz”, gehitu dute.
Ordea, erantzunak berandu iritsi direla kritikatu dute: “Lehenengo erantzunean, udalak adierazi zuen tabernetako baten ikuskapena 2023ko martxoaren 7an egin zela (elkarteak lehen idazkia bidali eta 344 egunera) eta establezimendua irekita zegoela. Izan ere, berriro ireki zuen. Bigarren taberna baten ikuskapenaren berri ere eman zuen (elkartearen lehen idazkia jaso eta 347 egunera), eta taberna horrek ere berriro ireki zuen. Udalaren bigarren erantzuna iritsi zen hirugarren taberna bat ikuskatu zuela esateko (elkarteak erregistratutako idatzia baino 567 egun geroago) eta, kasualitatez, berriro ireki zuela!”.
Azkenik, azken erantzuna abenduaren 14an jaso zutela kontatu dute: “Udalak adierazi du 2023ko azaroaren 2an eta abenduaren 4an egindako ikuskapenetan egiaztatu dela horietako hiru establezimendu itxita daudela. Salaketa espediente bati hasiera ematen zaiola adierazten du, ‘sei hilabeteko epean salatutakoa egiazta dadin’. Elkarteak salaketa jarri eta 627 egunera, udalak sei hilabeteko epea ireki du ostalaritza establezimendu horiek jarduerarik gabe jarraitzen ote duten egiaztatzeko”.
Horregatik, “laxokeriaz” jokatzea leporatu diote udalari, eta azalpenak emateko eskatu diote: “Ondo legoke udal gobernuak azalpenak ematea ez jardutearen arrazoiei buruz eta elkartearen salaketaren iraupen luze-luzeari buruz, norbaitek pentsa dezakeelako udalak ez duela Parte Zaharreko tabernen eta etxebizitzen arteko erlazioa murriztu nahi. Eta hori ez da izango, ezta?”.