Udal aurrekontua igotzea udal gobernuaren «eraginkortasun ezaren ondorio» dela dio Corominasek
Eneko Goia alkateak asteartean jakinarazi zuen Donostiako Udalak “bere historiako aurrekontu handiena” izango duela 2024an, eta iazkoa baino %4 altuagoa izango dela; hala ere, oraindik onartu gabe dago aurrekontua. Igoera hori salatu du Borja Corominas PPren bozeramaileak, izan ere, haren arabera, “EAJ urtez urte garestiago ateratzen zaie donostiarrei”. Horrela, udal gobernuak onartu nahi duen aurrekontua 480,5 milioi eurokoa dela azaldu du Corominasek, iaz baino 18,6 milioi euro altuagoa (461.913.070 eurokoa izan zen 2023an).
2015ean Goiak alkatetza hartu zuenetik, udal aurrekontua 122 milioi euro igo dela deitoratu du PPkoak: 13,5 milioi euro urtero, eta beti aitzakiak bilatzen dituzte hori egiteko: COVID-19a, Ukrainako gerra, lehengaien prezioaren igoera, eta abar”. Corominasen ustez, “aitzakiak” dira mundu osoan eragina duten gertakari horiek, eta soilik “oparotasunean kudeatzen” jakitea leporatu dio udal gobernuari.
Ildo horretatik, udal aurrekontuak KPIaren gainetik igo izana kritikatu du PPren bozeramaileak: “KPIa %21 igo da Gipuzkoan 2015etik, eta udal aurrekontua %34. Ez da inflazioa, aurrekontu publiko bat arduraz eta donostiarrek dituzten beharrengan pentsatzen kudeatzeko EAJren eta PSE-EEren eraginkortasun eza da”.
“Donostiarroi egunero eskatzen zaizkigu ahaleginak, denok gure etxeetan gastuari eutsi behar diogu hilaren amaierara iritsi ahal izateko, kontuak koadratu ahal izateko, eta, hala ere, udal gobernu honek 78 milioi euro gehiago bideratuko ditu gastu arruntera, orain arteko zerbitzu berberak eskaintzeko pertsona kopuru berari. Zentzugabekeria bat da urtero euren errekorra haustea, eta hala egin dute dagoeneko zortzi urtez jarraian”, gaineratu du Corominasek.