Erdiko aurrelari bakarrarekin gelditu da Reala
Andre Silvak min hartu du, eta Sadiq Afrikako Kopa jokatzera doa. Bestalde, Traore ere txapelketa hori jokatzera doa eta Take Asiako Kopara doa.
Andre Silva eta Takefusa Kubo aurrelariak min hartuta daude eta Imanol Alguacilek ezingo du beraiekin kontatu momentuz, Realak bere osasun partean jakinarazi berri duenez. Horrela, Sadiq bere selekzioarekin Afrikako Kopa jokatzera doanez, Carlos Fernandez da orain Alguacilek eskuragarri duen erdiko aurrelari bakarra.
Silvak lesioa du ezker hankako soleo muskuluan, eta fisioterapia eta gainbegiratutako lan pertsonalizatua egiten ari da, Realak jakinarazi duenez. Halaber, klubak azaldu du ohiko jardueretara pixkanaka itzuliko dela, lesioaren bilakaeraren arabera. Eskuin hankan lesio bera izatetik dator Silva, eta hilabete eta erdi inguru egon zen jokatu ezinik gabe; ez da denboraldi erraza izaten ari portugaldarrarentzat. Momentuz, ziurra da ez dela prest egongo txuri-urdinek igandean Malagaren aurka jokatuko duten kopako partidarako, ezta San Mameseko derbirako ere.
Takefusa Kubok min hartu zuen ezker izterreko muskulu koadrizepsean asteartean, Alavesen aurkako neurketan. Fisioterapia bidezko tratamendua egiten hasi da, eta min hartuta ere, aurreikusita zegoen moduan, Japoniako selekzioaren kontzentraziora joan da, Qatarrera, Asiako Kopa jokatzera (hilaren 12tik urtarrilaren 10era). Hamari Traore eta Sadiq Umar ere baja dira, Boli Kostara baitoaz, Afrikako Kopa jokatzera (hilaren 13tik otsailaren 11ra). Traore Maliko selekzioarekin doa eta Sadiq Nigeriakoarekin.