«Parentesi bat egin behar da Gabonetan, eta errutinara itzuli gero»
Donostian dauka lokala Lur Garmendiak, eta elkarrizketa egin dio 'Berria'-k. Urte hasieran beti nabaritzen du paziente gehiago dituela. Aitortu du gehiegikeriak egiten direla Gabonetan, eta hala egitea defendatu du: "Zentzuz".
Neurria eskatu du Lur Garmendia dietista eta nutrizionistak (Donostia, 1983). Gabonen hondarrean ere «gozatzeko» aholkua eman du, baina berandu baino lehen normaltasunera itzultzen saiatzeko ere eskatu du. Mirarizko dietarik ez dagoela azpimarratu du.
Otarrainxkak, urdaiazpikoa, foie grasa, piper beteak, arkumea, pastelak, turroia…
Horiek denak jan ditugu egunotan, bai, eta horiek denak jan behar ditugu egunotan. Egun bereziak dira, eta gauza bereziak egiten ditugu; jan-edana ere berezia izaten da egun hauetan, eta hala izan behar du. Gabonetan ez dugu pisua hartzen egun jakin batzuetan bazkari eta afari horiek dauzkagulako, baizik eta erdiko egun horietan kuadrillako bazkaria, lagun ezkutua, enpresako bazkaria… edukitzen ditugulako. Erdiko egun horietan oreka lortzea da gakoa.
Jatetxe on-onetan bezala, edaria aparte doa: ardoa, sagardoa, xanpaina, konbinatuak…
Bai… Egunerokoan baino alkohol gehiago edaten dugu egun hauetan, baina nire pazienteei inoiz ez diet debekatzen alkohola edatea edo arkumea jatea, ezta neure buruari ere. Goza dezagun, baina neurrian. Zentzuz jokatu dezagun, bai janariarekin eta bai jarduera fisikoarekin.
Debekuak kontrako eragina sortzen baitu askotan, ezta?
Zenbat eta gehiago debekatu, orduan eta antsietate handiagoa izango dugu. Muturretara joaten garenean hasten dira arazoak. Geure buruari orain arkumea jatea edo alkohola edatea debekatu badiogu, tarte batean aguantatuko dugu, baina orain halako bi jango eta edango dugu gero. Dieta kontzeptua erabat sartuta daukagu oraindik, eta dietak berekin dakartza debekua eta beharra. Nire ustez, txarra da bide hori.