'Sultanaren ametsa' filmaren sortze prozesuari buruzko erakusketaz gozatzeko azken egunak
Isabel Herguera zinemagile donostiarrak iaz estreinatu zuen Sultanaren ametsa bere lehenengo film luzea, eta lanaren sortze prozesuaren inguruko erakusketa azken txanpan sartu da. Iazko Zinemaldian aurkeztu zuen filma Herguerak, baita Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi ere, eta aurkezpenaren harira elkarrizketa egin zion hedabide honek. Hain zuzen ere, Zinemaldiaren bueltan inauguratu zuten erakusketa, eta igandera arte egongo da ikusgai, hilaren 7ra arte.
Animaziozko filma da Sultanaren ametsa, eta Rokeya Sakhawat Hossain Bangladeshko idazlearen izen bereko liburuan dago oinarrituta. “Liburura kasualitatez iritsi nintzen. New Delhiko [India] arte galeria batean topatu nuen, Bajo la almohada (2012) film laburra bukatu berri nuela. Izugarri interesgarria iruditu zitzaidan Rokeya Hossainek irudikatzen zuen mundu utopiko hura, atzekoz aurrerako mundu hura, non emakumeek zuten jakinduria, eta, beraz, baita boterea ere. Gizonezkoak, aldiz, ezjakinak dira, eta giltzapetuta bizi dira”, azaldu zion Herguerak hedabide honi aipatu elkarrizketan.
Animaziozko filma izanik, mota askotako marrazki ugari egin behar izan zituen zinemagileak sortze prozesuan, eta horietako hainbat daude ikusgai Tabakaleran, soinu instalazio batekin batera. Jarraian, erakusketan egindako argazkien bilduma ikus dezakezue: