Gizarte bazterkeriaren aurkako errege opil solidarioak banatu ditu Gipuzkoako Caritasek
Caritasek errege opil solidarioaren errazioak banatu ditu hiru euroan, erakundearen lana ikusarazi eta ekimen solidarioetan parte hartzera gonbidatzeko.
Gipuzkoako Caritasek errege opil solidarioak banatu ditu Gipuzkoa plazan, erakundearen lana ikusarazi eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden familiak laguntzeko. Hiru euroan banatutako tiketen bitartez, aldundiaren atarian jarritako 1.500 poltsetako bat eskuratzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Poltsa bakoitza, ohi bezala, errege opilaren errazio batekin, txokolatezko irabiaki batekin, eta ur botila batekin bete dute. Aurten, gainera, sorpresa bereziak gehitu dituzte ekimenaren bosgarren urteurrena ospatzeko.
10:00etan banaketarekin hasi diren arren, Caritas erakundeko boluntarioek bi egun eman dituzte lanean buru-belarri, elkarteko animazio komunitarioaren buru den Carmen Albak adierazi duenez:. “Orotara 50 lagun elkartzen gara bi egunetan, eta lan handiko orduak izaten dira”, aitortu du. Goxoak, Gipuzkoako Artisau Gozogileen elkarteak, banatzen ditu errege opilak eta poltsak sartutiko irabiaki eta gainerakoak Eroskik jartzen dituela adierazi du kideak.
Bildutako ekarpen guztia Gipuzkoako Foru Aldundiak daraman Haurtzaro eta Familia programari bideratuko zaiola adierazi du Albak: “Txikienenen aisialdirako eta formakuntzarako ere laguntza ere bada, eta txikienak eskolan egunerokotasunean normalizatzen joateko”. Nolanahi ere, ekimen honen helburua gizartea sentsibilizatzea denez, xede nagusia Donostia eta lurralde historiko osoko bazterkeria arriskuan daudenen errealitatea ikusaraztea dela adierazi dute. Gauzak horrela, argi dute “kalean” egon behar dutela, eta Errege Egun bezperako egitasmoaz gain, topagune berezi bat jarri dute Artzain Onaren katedralaren inguruan, “Gipuzkoako gizarteari gerturatu” eta euren programen berri emateko.