Irati Gorostidiren 'Anekumen' filmerako castinga egingo dute
Irati Gorostidiren Anekumen filmean parte hartzeko aktore bila ari dira, eta casting bat egingo dute. 1980ko hamarkadan Ultzaman (Nafarroa) kokatu zen Arcoiris komunitatean oinarrituta dago proiektua, eta bertan ezagun egin ziren tailer edo ikastaroak izango dituzte ardatz Anekumen filmatzeko. Horretarako, aktoreek benetako ikastaroak egingo dituzte, egoerak aurretik idatzitako gidoietatik abiatu beharrean, inprobisazioari tokia eginez. Bada, proiektuan parte hartzeko casting deialdia zabaldu dute arduradunek, eta adierazi dutenez, film korala denez, “inork ez du izango a priori beste batzuek baino protagonismo handiagorik”. Bi pertsona profil zehaztu dituzte:
- 25-35 urte bitarteko pertsonak / haurdun dauden emakumeak / 0-7 urteko seme-alabak dituzten pertsonak / irakasleak (benetako esperientzia dutenak ikastaro edo erretiroetako irakasle gisa).
- 25-65 urte bitarteko pertsonak, tailerretan lan egin dutenak eta asanblada prozesuetan, langile-mugimenduan edota sindikatuetan esperientzia dutenak.
Casting-ean parte hartu nahi dutenek beren buruaren aurkezpena dakarren bideo bat bidali beharko dute deialdian zehaztutako galderei erantzuna emanez. 2024ko urtarrilaren 12ra arte jasoko dituzte bideoak, castinganekumen@gmail.com korreo elektronikoan.
Inprobisazioa oinarri
Lehen instantzian fikziozko lana bada ere, inprobisazioari garrantzia emango diotela adierazi dute, eta dokumentaletan erabiltzen den lan prozesuarekin egingo dute lan. Urteetako ikerketetan oinarrituta dago Anekumen proiektu, eta bildutako material dokumentala aztertu eta erabiliko dute egoerak birsortzeko: “Proiektuaren asmoa da hausnarketa kolektibo bat sortzea pelikulan irudikatzen den une historikoari buruz eta gizarte-eredu alternatiboen bilaketari eta eraikuntzari buru”.
Apellaniz & De Sosa eta Señor y Señora ekoiztetxe donostiarren babesa du atzetik, eta dagoeneko ibilbide luzea egin du nazioarteko hainbat merkatutan. Azpimarratzekoa da, besteak beste, 2022an Donostia Zinemaldiaren esparruan garatzen den Ikusmira Berriak programan parte hartu zuela; 2023an, aldiz, Indie Lisboako ‘Co-production Forum’ ekimenean zein Locarnoko Zinemaldiko zinemagile hasiberrien lehen film luzeak garatzeko laguntza eskaintzen duen Locarno Residency topaketetan hautatu dute. Gainera, FIDLaben Culori Award saria jaso du.
Casting deialdiari buruzko informazio osagarria, HEMEN.
2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra oinarri, Irati Gorostidiren Anekumen “printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da”: Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusioak jota, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.
Hona hemen 2023ko Zinemaldian aurkeztu zen Contadores filmaren kritika: