Willis Drummond taldeak etenaldi mugagabearen aurreko azken kontzertua eskainiko du gaur Intxaurrondon
Hemeretzi urteko ibilbidearen ostean Willis Drummond taldeak etenaldia iragarri du eta ez du itzultzeko datarik zehaztu.
Willis Drummond taldeak etenaldi mugagabea egingo du hemeretzi urteko ibilbidearen ostean, taldekide “bakoitzaren proiektuak abiatzeko” tartea hartu nahi dute eta. Hala, euren jarraitzaileek gaur gauean, Intxaurrondon, izango dute taldearen zuzenekoaz gozatzeko azken aukera. Berriki Bilbo eta Hernanin jo ondoren, Intxaurrondo Kultur Etxean 21:00tik aurrera eskainiko dute kontzertua, eta dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude.
Iparraldeko rock taldeko kideek azken kontzerturako “gogo handiarekin” daude, eta EITBri aitortu diotenez, azken ekitaldiak “emozio puntu bat” izango. Nolanahi ere, adierazi dutenez, azken kontzertuaren presioa burutik kentzeko asmoa dute, hain zuzen, musikariek eta entzuleek “momentuaz ongi gozatzeko” aukera izan dezaten.
Wilis Drummond taldeko Xan Bidegain baxuaren arabera inoizko egoera hoberenean daudela adierazi dute, eta hori horrela, unerik egokiena aukeratu dutela etenaldia egiteko: “Musikalki sekula baino hobeago gaudela esango nuke, zinez oso ondo jotzen dugu elkarrekin eta oso ondo pasatzen dugu eszenatoki gainean. Aurten 60 kontzertu egin ditugu, urte batean normalean bi urtetan egiten duguna”.