Euskal inauteriak ospatuko dituzte Grosen otsailaren 10ean
Jantziak prestatzeko auzolana egingo dute Hondarpe elkartean, urtarrilaren 26an.
Euskal inauteriak ospatuko dituzte Grosen otsailaren 10ean, neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera festa bidez ospatzeko. Dantzak, musikak eta koloreek beteko dituzte auzoko kaleak egun horretan.
“Inauteriak neguaren amaierarekin eta udaberriaren helduerarekin daude lotuta. Izan ere, negua garai gogorra izaten zen bereziki baserritik zein arrantzaz bizi zirenentzat. Gosea, gaixoaldiak, elurra, hotza…. Horregatik, neguaren amaiera ezinbestekoa zen haientzat, bizitza berri bat zekarrelako. Eta hura, janariz, edariz eta musikaz beteriko festarekin ospatzen zen”, azaldu du Hondarpe auzo elkarteak ohar baten bidez.
Inauteriak “kohesio soziala indartzeko tresna baliotsua” direla uste du auzo elkarteak, “komunitatea sortzekoa”. Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, euskal inauteriak berreskuratu eta auzora ekartzeko bidea abiatu du Hondarpe auzo elkarteak.
Oraindik programazioa ixteko badute ere, auzolana antolatu dute jantziak prestatzeko urtarrilaren 26ean, 17:00etan, Hondarpe auzo elkartean. Irekia izango da parte hartu nahi duen ororentzat. Datozen asteetan, jantziak prestatzeko zein dantza ikasteko bideoak zabalduko ditu auzo elkarteak.