Manteoko galdeketaren emaitzak eraman dituzte aldundira
Uliako Auzo Elkarteak azaldu duenez, eguerdian abiatuko dira Gipuzkoako Foru Aldundira galdeketako emaitzekin.
Manteoko lurretan eraiki nahi duten Basque Culinary Centerren egoitza berriaren galdeketa ofizialaren faltan, Uliako Auzo Elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa bat egin dute, bizilagunen iritzia jaso eta bildutako informazioa erakundeetara bideratzeko. Hala egin dute gaur, Uliako Auzo Elkarteak azaldu duenez, eguerdian abiatu baitira Gipuzkoako Foru Aldundira jasotako emaitzekin.
Jakinarazi dutenez, ia 7.000 lagunek parte hartu dute asteburu bat iraun duen galdeketan —6.948k, zehazki—, eta %96,53ak, 6.486 pertsonak, BCCren bigarren egoitzaren aurrean, parkeak babestearen aldeko botoa eman dute. 222k (%3,30) bozkatu dute parkeak ez babestearen aurka, 11 lagunek boto zuria eman dute (%0,16) eta 229 boto baliogabeak izan dira.
Erresistentzian tinko
Dagoeneko, makinak obren lakura irisi diren arren, Uliako Auzo Elkarteak eta SOS Manteo plataformak borrokan jarraitzen dute auzoko askotariko eragileekin batera. Hala, azken asteetan Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan Manteoko lurren ikerketa bat abiatzeko eskatu dute, material kaltegarriak atera daitezkeenaren beldur. Azaldu dutenez, eraikin berriaren lekuan lur kutsatua egon daitekeelako, eta bertan lanean hasteak amiantoa eta bestelako hauts toxikoak azalera ditzakeelako.
Era berean, azken egunotan, proiektuaren aurkako ilustrazioa Groseko komertzio eta tabernetan banatu dute, erakusleihoetan jartzeko. Sare sozialetan zabaldutako azaldu dutenez, halaber, Manteoko parkearen eta Basque Culinary Centerren buruzko bideo dokumental bat ikustera gonbidatu dituzte bizilagunak. Ikus entzunezkoa 18:30ean jarriko dute, eta ondoren solasaldi bat egingo dute.