Maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango osasun zentroetan
Espainiako Estatuko Lurralde Arteko Osasun Kontseilua osasun zentroetan maskararen erabileraren derrigortasuna ezartzeko bildu da, baina ez da adostasunik izan, eta Hego Euskal Herrian ez dute derrigortasunik ezarriko. Izan ere, beste hainbat erkidegoren artean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako Gobernuak ez dute begi onez ikusi aipatu neurria aplikatzea, eta osasun zentroetan eta ospitaleetan maskara erabiltzea gomendatzen jarraituko dute. Horrela, Donostia Ospitalean zein hiriko gainontzeko osasun zentroetan gomendagarria izaten jarraitzen du maskara erabiltzea, baina ez derrigorrezkoa.
Estatuko autonomia erkidegoen eta Espainiako Osasun Ministerioaren arteko bilera eztabaidatsua izan da, hainbat erkidegok ministerioari aurpegiratu diotelako bileraren aurretik bere proposamenak helarazi ez izana, bilerara proposamenak aztertuta joan ahal izateko. Bestalde, gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Osasun Ministerioak ez du gripearen, koronabirusaren eta bestelako arnas gaixotasunen intzidentziari buruzko daturik eman, ezta bere proposamenei buruzko txostenik aurkeztu ere”.
Azken asteotan, urtero data hauetan gertatu ohi den moduan, igo egin dira arnas gaixotasunen kasuak, eta horren harira egin du ministerioak proposamena. Hain zuzen ere, horregatik, Osakidetzak ohe gehiago eta planta gehiago ireki ditu azken asteotan bere hainbat osasun zentrotan.