Aita Mari omendu dute bere heriotzaren 158.urteurrenean
Arrantzalea omentzeaz gain, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak sortutako arrantza eskolak Donostiako arrantzaleen familiengan izan duen garrantzia nabarmendu dute.
Jose Mari Zubia, Aita Mari, 1866ko urtarrilaren 9an hil zen Kontxako badian, itsaso zakarren ondorioz. Heriotza egunaren 158. urteurrenean Donostiako kaian dagoen eskulturan omenaldia egin dute, urteroko legez, eta lore sorta batzuk utzi dituzte Donostiako alkate Eneko Goiak eta Aquarium museoko ordezkariek. Urteurren guztietan egin den omenaldiaz harago, ‘Aita Mari’ arrantzalearen baloreak gogoraraztea da funtsezkoena, Xabier Lasaga Aquariumeko Komunikazio arduradunaren iritziz: “Jendea etortzen da, argazkiak ateratzen dizkio, baina ia inork ez daki nor den ere”.
Aita Mari arrantzale familia xume batean jaio zen, Zumaian, eta euskal kostaldean ospetsu egin zen bere patroi lanetan ari zela, baldintza klimatiko txarren ondorioz arriskuan zeuden arrantzaleak erreskatatzen ibiltzen zelako maiz. Lasagaren arabera, ekaitz handiko eta itsaso zakarreko egunetan “bere izaten zen lehena erreskate lanetan”. Hain zuzen, hiru marinel erreskatatu zituen 1861. urtean eta 1866. urtean, gaurko egunean, Getariako txalupa baten erreskate lanetan zebilela, ondoratu egin zen Kontxako badian, itsasoko kolpe handi baten ondorioz.
Arrantza eskola
Aurten, Aita Mari arrantzalea omentzeaz gain, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak sortutako arrantza eskolak Donostiako arrantzaleen familiengan izan duen garrantzia nabarmendu dute. Lehen arrantza eskola 1912ko urtarrilaren 9an sortu zuten, orain 112 urte. “Egun erraza da, baina garaiko meteorologia nola zebilen, itsasargiek nola funtzionatzen zuten” irakasten zuten, Lasagaren arabera. 15 eta 33 urte bitarteko ikasleek,kaian dagoen Itsastarren San Pedro elizako eskola aretoan jasotzen zituzten eskolak eta hasieran 38 ikaslerekin hasi baziren ere, lehen ikasturte amaierarako 70 ziren.
Arrantzale eskola, halaber, garrantzi handikoa izan zen arrantzaleen senitartekoen artean. “Garai haietan gizon asko arrantzara joaten ziren, askok ezbeharrak izaten zituzten eta (senideek) ez zekiten nola joan”. Hala, “alrgun elditzen ziren emakume eta familiei” laguntza ekonomikoa eskaintzen zitzaien aurrera jarraitu zezaten.