Epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdiaren euskara eskakizuna
Epailearen arabera, betekizun hori "diskriminatzailea" da, eta "Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua" urratzen du; hots, herritarrek enplegu publikoa berdintasun baldintzetan lortzeko duten eskubideari eragiten dio.
Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdian, B2 hizkuntza eskakizuna. Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20an Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen eskakizuna Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko baldintza gisa. Epailearen arabera, baina, betekizun hori “diskriminatzailea” da, “Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua” urratzen duelako.
Hala, Magistratuak emandako epaiaren arabera, ez da beharrezkoa Donostiako udaltzain guztiek euskara jakitea, herritarrek administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanetan jartzeko duten eskubidea bermatzeko. Epaileak honako hau planteatu du: “Ez da beharrezkoa udaltzainek euskara jakitea, herritarrek administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanetan jartzeko duten eskubidea bermatzeko. Oro har, nahikoa izango litzateke bikote bakoitzeko kide batek euskara jakitea”.
Horrez gain, magistratuaren ustez, “betekizun diskriminatzailea da”, eta herritarrek enplegu publikoa berdintasun-baldintzetan lortzeko duten eskubideari eragiten dio; izan ere, herritar talde bati lehentasuna ematen ari zaio beste batzuen aurrean, herritar horiek hizkuntza koofiziala jakiteagatik soilik, nahiz eta, epailearen aburuz, hori ez den beharrezkoa administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea bermatzeko.
Euskal hiztunei kolpea
Administrazioarekiko Auzien Salak onartu egin du partikular batek aurkeztutako eta Francisco Ignacio López Lera abokatuak defendatutako errekurtsoa, Donostiako Udalaren aurka salaketa aurkeztu ondoren. Donostiako alkate Eneko Goiak, bere aldetik, oso ezkortzat hartu du berria, euskararen normalizazioa oztopatzen duela iritzita: “Iruditzen zait horrelako epaiek euskararen normalizazioaren aurka egiten duela. Azken urteotan lan handia egin da pertsona guztien hizkuntza eskubide horiek bermatze aldera eta horrelako epaiek ez dute hori bermatzen”.
Beste behin, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak zalantzan jarri direla baieztatuta, epaia hizkuntza eskubideen aurkako “kolpe” gisa definitu du alkateak. Nolanahi ere, udalean “euskararen biziberritzearen alde” lanean jarraituko dutela adierazi du Goiak.
Aurrekariak
Azken orduetan azaleratutako epaia bat dator 2021eko maiatzaren 4an emandako epaiarekin; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen Irungo Udalak 2017an hamabi plaza betetzeko abian jarri zuen udaltzaingoaren enplegu deialdia.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak defendatzen duen argudioak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak orduan ezarritako ildoari jarraitzen dio: “Administrazioak bidea bilatu behar du herritarrek euskararekin harremanak euskaraz izateko aukera bermatzeko, hizkuntza hori ezagutzen ez duten herritarrek enplegu publikoa eskuratzeko duten eskubidean diskriminaziorik eragin gabe”. Hortaz, “ezin da euskararen ezagutza eskatu kargu publiko guztietara iristeko, baldin eta herritar multzo batek ez badaki (eta ez du horretarako betebeharrik) hizkuntza koofiziala”.