Illunbeko Gabonetako anezka zerbitzuak inoizko bidaiari gehien izan ditu
Illunbeko aparkalekuaren eta Erdialdearen arteko doako anezka zerbitzuak erabiltzaileen errekorra erregistratu du berriro Gabon hauetan, egunero 293 bidaia egin baititu, bataz beste.
Aurretik egondako anezka zerbitzuek harrera ona izan ondoren, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bidez, berriro jarri dute martxan zerbitzu hori abenduaren 2tik urtarrilaren 6ra, 11:00etatik 22:30era, 20 minutuko maiztasunez, garraio publikoa sustatzeko eta hirian trafikoa murrizteko.
Olatz Iartza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu du datuek “erakusten dutela zerbitzuak sendotzen jarraitzen duela, erdialdera modu eroso eta jasangarrian joateko oso aukera ona den heinean”, eta gaineratu du “orain gure helburua dela hirira iristeko garraio pribatuaren alternatiba den zerbitzu hori sustatzen jarraitzea, eta egunean batez beste zerbitzua erabiltzen duten ia 300 bidaiariko kopuruak gora egiten jarrai dezala lortzea”.
Nobedade moduan Gabon hauetan, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat lortu dute, Gipuzkoako errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez ekimen horren berri emateko eta, horrela, ahalik eta bisitari gehienengana iristea. Ekimen hori abian jarriko den hurrengo baterako, udalak aztertzen jarraitzen du “nola lortu ahalik eta erabiltzaile potentzial gehien hainbat bideren bidez, zerbitzua gu bisitatzera datozenen lehen garraio aukeretako bat izan dadin”, Iartzak adierazi duenez.
Zifra “errekorrak”
Gabon hauetan, anezka zerbitzuak 7.611 bidaia erregistratu ditu, eta 2022ko Gabonetan, berriz, 7.011 erregistratu ziren. Alegia, bidaiarien kopurua %8,6 igo da. Orduan, zerbitzua etengabe eman zen abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra arte, hau da, 36 egunez. Aurten, berriz, aurreko urteetako esperientziaren ondoren, abenduaren 2tik abenduaren 16ra bitartean zerbitzua asteburuan eta abenduko zubian eman da, eta abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra arte, zerbitzua etenik gabe eman da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baitzen zerbitzurik eman. Guztira, 26 zerbitzu egun izan dira, eta egunean batez beste 293 lagunek erabili dute zerbitzua, 2022an batez beste erabili zutenak baino %50.25 gehiago.