Alfredo Bikondoa artistak eta Itsas Museoak Aita Mari omendu dute
Bikonbota bildumaren proiektua aurkezteaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta museoari artistaren bi obra eman zizkieten.
Euskal Itsas Museoak, Alfredo Bikondoa artistarekin batera, ekintza artistiko solidarioa antolatu zuen atzo, Aita Mariren omenez, haren heriotzaren urteurrenean. Ekitaldian zehar, Bikonbota bildumako Egiarako Bide Zuzena proiektua aurkezteaz gain, artistaren pieza ospetsuen bi obra jaso zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta museoak. Era berean, Kataken, Jesus Apellanizen, eta Mouren emanaldiez gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.
Egiarako Bide Zuzena jarduera artistikoko boten bildumak Alfredo Bikondoaren iruditeria eskultorikoaren pieza ikoniko bihurtu dira. Itsas Museoaren ordezkariek azaldu dutenez, artistak Bikonbota bilduma kaleratu zuen 2022an, eta bildutako dirua Aita Mari itsas salbamenduko ontziarentzat eta gobernuz kanpoko hainbat erakundeentzat bideratu du. Bikondoaren arabera, pieza horiek “bakoitzaren buruaren eta presentziaren bila zaurituta ibiltzearen alegoria dira”. Horietako berrogeita hamar inguru jabe berriei bidali zituzten, munduko hainbat txokotara, eta orain, berriki egindako boten helmuga zehazten ari da artista.
Mapa interaktibo bat
Bikondoak sortutako pieza bakoitzak bere kokapenaren koordenatu geografikoak dituen inskripzio batekin bidaltzen dute, eta, hala, helmuga bakoitza konstelazio sistema baten parte bilakatzen da. Itsas Museoan azaldu dutenez, hiru konstelazio mota egiten dituzte boten bitartez: lehena, bota horiek eskuratu dituzten erabiltzaile partikularrek osatzen dute; bigarrena, berriz, Bikonbota proiektuaren enbaxadore gisa jardun duten askotariko eragileekin sortu dute, eta azkenik, Aita Mari ontziak mediterraneoan pertsona bat erreskatatzen duen oro sortutako izarrekin osatzen dute hirugarrena.