Gaur hasiko dira Txillidaren mendeurrena ospatzen
Eduardo Txillidak 100 urte beteko lituzke gaur, eta urteurren borobil horren harira, askotariko ekitaldiak egingo dituzte urtean zehar.
Gaurko egunez jaio zen Eduardo Txillida artista donostiarra duela 100 urte (Donostia 1924- 2002), eta gaur bertan hasiko dira haren mendeurrena ospatzen. Hain zuzen ere, Eduardo Txillida 100 urte. Topaleku ekitaldia egingo dute Viktoria Eugenia antzokian, 18:30ean (sarrerak agortuta daude).
Besteak beste, Metamorphosis Dance konpainiak, Musikeneko musikariek, Landarbaso abesbatzak eta Ricardo Pinilla eta Ana Maria Rabe filosofoek parte hartuko dute ekitaldian, eta artistaren biloba Mikel Txillidak eta Anne Igartiburu aktore eta telebista aurkezleak egingo dituzte aurkezle lanak. Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioak antolatu du ikuskizuna, Espainiako Kultura Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako eta Hernaniko Udalen laguntzarekin.
Hala ere, gaurkoa ekitaldi askoren lehenengoa baino ez da izango, urte osoan zehar ospatuko baitute eskultore ezagunaren mendeurrena. Hain justu, fundazioak azaldu duenez, hamalau arte erakusketa antolatuko dituzte Txillidaren omenez, Euskal Herrian zein nazioartean. Bestalde, hiru musika ikuskizun ere antolatuko dituzte Txillidaren inguruan, Kukai dantza taldeak haren omenezko dantza ekitaldi bat eskainiko du maiatzean eta Zinemaldian Arantxa Agirrek ondutako Ciento volando dokumentala ikusi ahalko da, Txillida Leku museoari buruzkoa.
‘Haizearen Orrazia’ baino askoz gehiago
Haizearen Orrazia da, zalantzarik gabe, Txillidaren obrarik ezagunena, baina askoz obra zabalagoa duen artista da donostiarra, garai bat markatu zuena. Besteak beste, Gaur taldeko kide izan zen, Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta artistekin batera. Hain zuzen ere, Oteizarekin harreman gorabeheratsua izan zuen urte luzez, eta euren arteko “bakea” irudikatu zuten 1997an, Txillida Lekun emandako besarkada batekin. Besarkada horren 25. urteurrenaren bueltan, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa 50eko eta 60ko urteetan erakusketa antolatu zuen San Telmo museoan 2022an, eta erakusketaren eta bi artisten arteko harremanaren eta desberdintasunen inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen hedabide honek.
Familia aberats batean jaio zen Donostian, 1924an. Aita, militar frankista, Realeko lehendakaria izan zen 1941-43 urteetan. Garai hartan, hain zuzen, atezain jokatu zuen Eduardo gazteak Donostiako taldean, baina lesio bat medio, futbola utzi behar izan zuen. Honela, Parisera joan zen artea ikastera 1948an, eta itzuleran hasi zen eskulturak egiten, eta, segituan, galeria eta museo prestigiodunetan erakusten. Askotariko obrak garatu zituen bere ibilbide luzean, eta 1976an egin zuen Donostiako Haizearen Orrazia lan ezaguna. Bere bizitzaren azken urteetan, Hernaniko Txillida Leku museoa ireki zuen, bere obra asko biltzen dituena eta gaur egun oso ezaguna dena.
Txillidaren bizitzan badira, baita ere, zenbait arlo ezezagun, Hedoi Etxarte idazle, musikari eta liburu saltzaileak Berria-n argitaratutako Txillidaren lekua artikuluan mahaigaineratu zuenez: “Zergatik jaso zuen 1981ean Wolf saria Israelen? Zer harreman izan zuen —bere emaztearen lanari esker— lobby sionistarekin? 1985eko Jerusalemgo eta Gan Hapaamongo argazki erakusketaz zer dakigu? Badakigu Realeko atezaina izan zela Txillida baina lesio batengatik ezin izan zuela segitu. Baina badakigu zergatik zen bere aita Realeko presidentea 1942-1945eko Donostia belztu hartan? Zer lidertza izan zuen 1936ko uztailaren 18ko biharamun eguzkitsu eta eguraldi oneko hartan? Eta zer dakigu 1949ko Parisen eskultore falangistak Oriol Pala antifaxista ia leiho batetik bota zuenekoaz? ‘Faxista bat zen’, esan zuen Nestor Basterretxeak egunkari honetan”.