Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu dute udaletxeko langileek
Langileei euskaraz jakitea eskatzea herritarren hizkuntza eskubideen aldeko apustua egitea dela uste dute ELA eta LAB sindikatuetako kideek.
Donostiako Udaleko langileen batzordeak deituta, Udaltzaingoaren sententziaren aurkako elkarretaratzea egin dute gaur Alderdi Ederren. Langileen batzordean gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek antolatu dute elkarretaratzea, eta hamarnaka lagunek egin dute bat deialdiarekin. Aldiz, CCOO, Erne eta Esan sindikatuek deialdiarekin bat ez egitea erabaki dute. Halaber, Ertzaintzak udaletxeko langile bat identifikatu du, elkarretaratzea egiteko baimenik eskatu ez dutela argudiatuta.
Joseba Alvarez udaletxeko euskara teknikariak eta, une honetan, langile batzordeko LABeko ordezkari denak komunikabideen aurrean azaldu du Donostian dagoeneko hirugarren kasua dela hizkuntz eskakizunen aurkako erabaki bat hartzen dela. Prozedura administratiboan daude lehendik arkitekto baten lanpostua eta eskola zaindari baten lanpostua. “Hau da hirugarren kasua zeinetan lanpostuak hizkuntza eskakizuna edukita, langileek edo sindikatu batzuek errekurritzen duten euskara jakin behar horren kontra”, azaldu du Alvarezek. “Epaitegiak, lehendabiziko momentu honetan behintzat, arrazoia eman die, esanaz, Donostiako udaletxean euskara jakitearena langileen edo pertsonen eskubideen kontrakoa dela. Beraz, kendu egin nahi dute euskaraz jakitearen betebehar hori”, gehitu du.
ELA eta LAB sindikatuek uste dute herritarrek dauzkaten hizkuntza eskubideak “errespetatu” behar direla, eta baita langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea ere. “Hori errespetatu dezakeen bakarra langile elebiduna da, hots, euskaraz eta gaztelaniaz dakiena. Beraz, gure ustez, langileei euskaraz jakitea eskatzea herritarren hizkuntza eskubideen aldeko apustua egitea da”, defendatu du Alvarezek.
Horrenbestez, Donostiako Udalari dei egin diote errekurtsoak planteatzen jarrai dezan. “Gure ustez, Donostiako Udalak zentzu honetan egin duen bidean aurrera jarraitu behar du. Udalak asko aurreratu du, langileek esfortzu handia egin dute euskara ikasten, eta udaletxeko atal askok euskaraz funtzionatzen dute”, nabarmendu du Alvarezek.
Era berean, esan du udaletxean “beti” errespetatzen dela herritarren hizkuntza aukera, eta horregatik, ezinezkoa dela 30 urtean aurreratu den guztia orain atzera botatzea, hizkuntza eskakizuna atzera botaz. “Langile elebakar erdaldunek ezin dituzte herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu, hori soilik langile elebidunek egin dezaketelako”, adierazi du.