Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuan ekarpenak egiteko epea zabaldu du udalak
2024ko lehen seihilekoan, herritarrekin, erakundeekin eta alderdi politikoekin biltzeko tartea izango du udal gobernuak eta urtearen amaierarako plana ezarrita izatea aurreikusten du.
Erdialdea, Amara eta Parte Zaharreko trafikoa mugatuko duen Isuri Gutxiko Eremua (IGE) martxan jartzeko lehen urratsak ematen hasi da udala, eta jakinarazi duenez, ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Udaleko tokiko gobernu batzarrak abenduaren 26an onartu zuen 2024-2029 urte bitartean ezarriko den Mugikortasun Plana eta horren parte den IGEren proiektua. Hala, 2024ko lehen seihilekoan, herritarrekin, erakundeekin eta alderdi politikoekin biltzeko tartea izango du udal gobernuak eta urtearen amaierarako plana ezarrita izatea aurreikusten du .
Udalak adierazi duenez, “IGE berria pixkanaka ezarriko da, faseka”, eta horri esker, “ibilgailuen parkea eta administrazio kudeaketa egokitu ahal izango dira aplikatzeko”. Nolanahi ere, “hasierako proposamena” dela nabarmendu dute, moldaketa asko izan ditzakeala ziurtatuta. Aldatuko ez dena, baina, eremua izango da, eta hortaz, Bulebarretik Arabako parkeraino hedatzen den eremuak—erdialdea eta San Roke barne— ibilgailu batzuen joan etorriak mugatuko ditu: zehazki, 2001 aurretik matrikulatutako gasolina autoak eta 2006 aurretik matrikulatutako diesel autoak, ezin izango dira eremutik igaro egoiliarrak direla edo baimendutako beste jarduera batzuetarako ez bada. Mugatutako ibilgailuen kontrola eremuaren sarrera guneetan ezarritako kameren bitartez kontrolatuko da, ibilgailuen plaken irakurketaren bitartez, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu basean egiaztatuko dituzte.