La Sirena aterpetxeak ateak «berehala» zabaltzeko eskatu du EH Bilduk
"Berandu baino lehen" irekitzeko eskatu du, gauetan kalean bizi diren pertsonak artatzeko, eguraldia are txarragoa izan arte itxaron gabe.
EH Bilduk La Sirena aterpetxea neguan zabaltzeko protokoloa “egokitu eta eguneratu dadila” eskatu du, “humanoagoa” izan dadin. Zentzu horretan, Udal Gobernua “berandu” dabilela uste du: “Negu betean eta azken gauetako tenperatura hotzekin, ulergaitza zaigu La Sirenako aterpetxeak, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko 100 oheko gaitasuna duenak, ateak ireki gabe jarraitzea, nahiz eta azaroa eta apirila bitartean kanpoko gaualdien erreserbetarako agenda etenda egon, teorian, zaurgarritasun eta bazterkeria kasu horiei erantzuteko”.
Halako gaitasuna duen baliabide bat itxita izatea “ulergaitza” zaio EH Bilduri, are gehiago kalean bizi diren pertsonen kopurua gora egiten ari den garaiotan: “Donostian azken sei urteetan kasuek %81 egin dute gora, (180 pertsona 2016an; 326 2022an), Eusko Jaurlaritzaren etxerik gabeko pertsonen VI. txostenaren arabera”.
Hotzaren protokoloa delakoak (Ate Irekien Zerbitzua) “hobetzeko asko” duela uste dute. “Gaur egun, Euskalmeten iragarpenak hartzen ditu erreferentziatzat, eta aurreikuspen horietan oinarrituta irekitzen edo ixten ditu ateak La Sirenak. Nola da posible 100 ohe prest izatea, profesionalak prest egotea, gauak kalean pasatzen dituzten pertsonak egotea eta zerbitzua itxita mantentzea? Nola azaltzen da hau?”, galdetu dute. Hori dela eta, “protokoloa egokitzea eta zaharkitutako irizpideak desagertzea” eskatzen du EH Bilduk, hala nola 0 gradu baino gutxiago egon behar izatea aterpetxea ireki ahal izateko.
Protokoloak “unean-uneko beharretara egokituta” egon behar duela, “gizarte kohesioa bilatu eta sustatu” behar duela, “giza eskubideak babestu” behar dituela uste du EH Bilduk. “Benetako borondate politiko bat egonez gero, agertokia beste bat izango litzateke, protokoloak udalaren eskumenekoak direlako eta gobernuak berak erabaki dezakeelako aterpetxeak neguan zehar etenik gabe irekitzea”, aldarrikatu dute.
Erakundeen eta herritarrek eskaerak
Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta beste hainbat erakundek Arartekoaren atea jo dute konponbideak eskatzeko. Aldi berean, atzo, Euskalmeten iragarpenak eskuan, (gauean izozteko aukera kostaldean, batez ere ekialdean), herritar askok La Sirena irekitzeko eskaerak egin zituzten Udalinfoko zerbitzuetan.
“Datozen egunetan termometroek tenperatura oso baxuak markatuko dituzte; beraz, iragarpena badago. Hori guztia ez da ezustekoa eta, horregatik, EH Bilduk interpelazio bat erregistratu zuen joan den astean, datorren astelehenean, hilaren 15ean, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Mariaje Idoetak zuzentzen duen Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean erantzun dezan”, azaldu dute.