«Ate asko jo behar izan ditugu gauden tokira iritsi ahal izateko»
Isabel Verdini dantzariak (Altza, 1971) jasoko du 2024ko Urrezko Danborra, hilaren 20an. Verdini dantza konpainiako zuzendaria da, eta Downen sindromea duten pertsonak ditu ikasle. "Inklusioaren, prestakuntzaren eta dantzaren alde egindako lanagatik" omenduko du udalak. Aurten, gainera, urte berezia da konpainiarentzat, 30. urteurrena ospatuko duelako.
Noiz eta nola hasi zinen dantzan?
Txikia nintzenean hasi nintzen dantzan, 10 edo 11 urterekin. Dantza egitea eta mugimendua gustatzen zitzaizkidan, eta jazz eskoletan eman nuen izena, Fagoaga dantza eskolan, Amaia Garmendiarekin. Pixkanaka, gehiago maitemindu nintzen dantzarekin eta horrekiko pasioarekin, eta dantza garaikidea ikasten hasi nintzen Iñaki Landarekin eta dantza klasikoa irakasten zuen Juliorekin. Ondoren, Bartzelonako Antzerki eta Dantza Institutuko probetarako prestatu nintzen, eta hartu nindutenez, bertan geratu nintzen karrera egiten, dantzan eta gozatzen.
Zer da dantza zuretzat?
Beti esaten dut dantza pasioa dela niretzat, bizitzeko modu bat. Baina niri gehien gustatzen zaidana eskolak ematea da, ikasleekin egotea eta irakastea. Nire pasioa irakaskuntza da, dantzagatik sentitzen dudana erakustea dantzara etortzen direnei.
Zergatik gustatzen zaizu hainbeste? Zer transmititzen dizu?
Dantzak bakardade oso on bat transmititzen dit. Izan ere, zeure buruarekin egoteko aukera ematen dizun bakardade bat da, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Une horretan zeure gorputzarekin zaudela sentitzen duzu, eta zeure buruarekin terapia bat egiteko oso modu ona dela iruditzen zait. Negar, barre, edo dena delakoa egin dezakezu, eta gainera, gorputzarentzat oso ona da, arintasuna eta indarra lantzen dituzulako. Hala ere, garrantzitsuena da pertsona gisa asko hazten zarela dantzan.
Bartzelonan egin zenituen dantza ikasketak. Nola gogoratzen duzu garai hori?
Dantza Garaikidea eta Koreografia ikasketak egin nituen Bartzelonan lau urtez, eta ondoren, bi urtez dantzan aritu ostean, Donostiara itzuli nintzen berriz.
Europako hainbat dantza konpainiatan egin izan duzu dantza. Zeintzuk izan dira konpainia horiek?
Denbora asko pasatu da ordutik, eta ia gogoratu ere ez naiz egiten. Hala ere, egia da niretzat konpainia horietan dantza egiteak mugimenduaren inguruan gehiago jakiteko aukera eman zidala. Edonola ere, beti esaten dut ni berehala Donostiara itzuli nintzela eskolak ematen jarraitu ahal izateko. Egia da konpainia horietan aritu nintzela, baina niretzat ez dira hain garrantzitsuak.
Donostian jarri nahi zenuen fokua? Zertan zehazki?
Bai. Familiarekin egon nahi nuen, izan ere, Downen sindromea duen nire iloba jaio zen, eta beraz, dantza eta desgaitasuna ikertzen hasi nintzen.
Nola eta zergatik erabaki zenuen Verdini dantza taldea sortzea?
Bartzelonan Dantza Garaikidea ikasten ari nintzenean jaio zen nire iloba, Haizea, eta nire ahizpari hitz eman nion bere alabak dantza egingo zuela eta dantzaria izango zela, ni bezala. Ez kezkatzeko esan nion, eta promesa hori bete egin dut: konpainiarekin eta proiektuarekin jarraitzen dut, ilusioz.
Haizeak zuekin dantzan jarraitzen du hemen?
Ez. Haizeak Santanderrera joan behar izan zuen, bere aita gaixo dagoelako, eta dantza konpainia utzi behar izan zuen. Agian aurrerago itzuliko da, baina, momentuz, aita zaintzen ari dira. Hori da egokitzen zaiena, eta ni bitartean urrutitik ari naiz babesa eskaintzen.
Zure dantza metodo propioa ere sortu zenuen: Verdini metodoa. Zein da?
Verdini metodoa urteak, eta orduak eta orduak dira ikasgelan, ikertzen, eta probak egiten. Verdini metodoak niri ere irakatsi dit, eta batez ere, ikasleekin egoteak eta beraiekin dantza egiteak. Bataren eta bestearen arteko irakaskuntza prozesu bat izan da, eta nagusiki, Verdini metodoa ikasle horiengan sinestean oinarritzen da. Beraientzat lan zehatz bat egitea da, eta batez ere, eskoletan egin nahi duguna konstante mantentzea. Tailer asko egiten ditugu beraiek sentitzen dutena adierazteko eta barruan dutena ateratzeko. Izan ere, dantzari batek emozio horiek ateratzen jakin behar du, eta gainerako guztia dantza da, bere horretan, baina beraientzat. Banakako lan bat da, eta oso zehatza.
Nolakoa da zuretzat Downen sindromea duten pertsonekin lan egitea?
Niretzako normala da. Dantza eskola normal bat da, baina gehien hunkitu nauena eta hunkitzen jarraitzen nauena da jakinduriaren hartu-eman hori, beraiek ere irakasten didatelako niri. Bizitza beste modu batera ikusten irakatsi didate, eta baita bizitza beste modu batera sentitzen ere. Oso eskertuta nago 30 urte hauetan irakatsi didaten guztiarengatik. Niretzat pertsona zoragarriak dira, beti nirekin egongo direnak, Verdini nire bizitza eta pasioa delako eta beraiek ere horren parte direlako.
Zenbat pertsona daude Verdini dantza konpainian?
Hamabi pertsona gaude. Irakasleei dagokionez, ni naiz koreografiak eta gauza guztiak egiten dituena, baina inguruan asko laguntzen didan talde bat dut. Nirekin lehenago dantza egin izan duten pertsonak dira, eta konpainian dantza egiteko proposamena onartu eta urteak daramatzatenak bertan. Beraiek dira Aizpea Mujika, Oihane Gil Mateos eta Maria Isasti. Maria nire iloba da, eta 9 urterekin hasi zen konpainian. Horrez gain, laguntzaile ditut nire senarra, Jesus Murua, Rosi… Azken finean, proiektu hau den modukoa izatea posible egiten duen jende asko dago atzean.
Dantzak bereziak dira? Moldatu egin behar izaten dituzu?
Ez. Begiratu egiten dugu, eta behaketa horretatik abiatuta joaten gara mugimenduak hartzen eta koreografia osatzen. Beti dago ideia nagusi bat, koreografia bat egiteko ideia nagusi bat egon behar delako, baina ikasgelan joaten gara hori guztia lantzen. Izan ere, egia da batzuetan nekatuta etortzen garela, edo atera eta partekatu behar ditugun kezkak izaten ditugula, eta hortik aurrera, lan giroa eta lasaitasuna dagoenean, orduan hasten gara koreografiak sortzen.
Proiektuak lantzen dituzue? Zein da zuen lan egiteko modua?
Gauzak etorri ahala egiten dugu lan. Batzuetan koreografia desberdinak sortu behar izaten ditugu gala baterako edo besterako agindu dizkigutelako, eta horiek berehala muntatzen ditugu. Beste batzuetan, urtarrilaren 21ean ospatuko dugun Verdiniren 30. urteurrenerako kasu, aurretik egin ditugun koreografiak bildu ditugu. Izan ere, hogei ekoizpen egin ditugu eta 300 ikuskizun baino gehiago. Horrez gain, urteurrenerako 30 minutuko koreografia berria gehitu dugu, ikuskizun berri batekoa. Datorrenari aurre egiten diogu, denerako prest gaudelako.
Nola ospatuko duzue 30. urteurrena?
Urtarrilaren 21ean Viktoria Eugenia antzokian emanaldi bat eskainiko dugu, 19:00etan. Emozioz, mugimenduz eta ilusioz beteriko ikuskizuna eskainiko dugu, eta batez ere, egia bihurturiko ametsez beteriko ikuskizuna izango da. Telebistan atera ginenekoa ikusi ahal izango da, Got Talent saioko gala, eta aipatu bezala, lehengo koreografiak eta dantza berriak. Verdini proiektuan 30 urte hauetan egindako eta bizitako guztia ikusteko aukera izango dute ikusleek. Zuzeneko dantza egongo da, eta ordubete eta laurden inguru iraungo du ekitaldiak.
Aipatu duzu telebista saioetan izan zaretela, Espainiako telebistako ‘The Dancer’ saioan kasu. Nolakoa izan zen esperientzia hura?
Oso positiboa izan zen, oso polita. Oso pozik atera ginen bertatik. Autobusean joan ginen guztiok, eta bi egun igaro genituen han, primeran. Grabaketa egun oso batean egin genuen, eta asko gozatu genuen. Oso polita izan zen, gure helburua jendeak Verdini ezagutzea zelako, eta inklusioari ikusgarritasuna ematea, Verdinin egiten dugun moduan. Oso ederra izan zen, eta dantzariak ere oso pozik etorri ziren. Horrelako esperientziak politak izan ohi dira, pertsona gisa aberastu egiten zaituztelako. Gainera, makillatu, elkarrizketatu, argazkiak eta denetarik egin ziguten, eta erreginak ginela zirudien.
Horrez gain, 2023an Telecincoko ‘Got Talent’ saioan ere izan zineten.
Bai. 2022an castingak egiten aritu ginen aurrera eta atzera, eta nire senarrari esker egon ginen Got Talent-en. Berari deitu zioten, berak antolatzen dituelako horrelakoak. Dantzariak animatzen ditu, eta saio horretara joan behar genuela esan zien ikasleei. Guk uste genuen ez gintuztela hartuko, baina azkenean bertan izan ginen. Hori ere oso esperientzia aberasgarria eta polita izan zen.
Finalerdietara pasatu zineten, ezta?
Bai. Pasatu ginen, baina konpainia osoa berriro ere Madrilera joatea ezinezkoa izan zitzaigun, ez genuelako dirurik eta eskuragarritasunik ere ez. Izan ere, hiru egun pasatu behar genituen Madrilen, eta bakoitzak bere lana alde batera utzi beharko genuke, Verdini dantza taldea irabazi asmorik gabeko erakunde bat delako, eta ez dugulako horregatik kobratzen. Bakoitza bere lanetik bizi gara, eta hiru egun kanpoan egotea gehiegizkoa da guretzat. Hori dela eta, ez joatea erabaki genuen. Hala ere, egin behar genuena egin genuen: telebistan ateratzea jendeak gu ikusteko; eta jende pila batek ikusi gintuen gainera.
Lan boluntarioa egiten duzue, beraz. Leku gehiagotan egiten duzu lan?
Bai, dantza irakaslea naiz hemen bertan, Manteo kiroldegian.
Zeintzuk izan dira zuretzat Verdini dantza taldeko oroitzapenik onenak?
Oroitzapen on asko ditut, niri gehien gustatzen zaidana beraiekin dantza egitea delako. Min hartuta egon naiz, eta dantza egin ezin izan dudanean, haur baten antzera aritu naiz negarrez. Niretzat politena ikasleekin denbora partekatzea da, sekulako esperientzia. Oroitzapen onenetako bat 2008an Verdini dantza konpainiari eman zioten Hiritar Merezimenduaren Domina da, hori izan baitzen lehen errekonozimendua. Hortik aurrera, 30 urte hauetan beste hainbat sari eskuratzen joan gara, eta oso polita da norbaitek oso ondo egiten ari zarela esatea. Nik badakit ondo ari naizela, ez dut behar inork esatea, baina egia da batzuetan gizarteari hirian duena erakutsi behar zaiola, garrantzitsua delako. Halaber, egia da momentu txarrak ere pasatu izan ditugula.
Bereziki baten bat al duzu gogoan?
Ez dut ezer esango, baina ate asko jo behar izan ditugu gauden tokira iritsi ahal izateko. Kultura gisa aitortuak izateko, besteak beste. Hor utziko dut, ez dudalako gauza txarrei buruz hitz egin nahi; orain Urrezko Danborra gozatzen ari naiz, sekulako saria delako niretzat. Horrek aurrera egiteko indarra ematen dit, beste 30 urtez, erretiroa hartzen dudan arte. Hartzen badut, izan ere, ikasleek esaten didate ez naizela erretiratuko, hemen geratuko naizela beraiekin betirako [barrez].
Zure proiektuak bultzada ematen dio inklusioari Donostian. Horrelako proiektu gehiago behar direla uste duzu?
Nik uste dut bihotzez eta intentzio onarekin egindako proiektu guztiek merezi dutela, bai, noski. Proiektuak egin behar dira, jendeak haietan sinistu behar du, eta pasioarekin egin behar ditu. Jakin behar da bidea luzea dela, gogorra, baina epe luzera gauzak lortzen direla. Nork esango zidan niri duela urtebete aurten Urrezko Danborra izango nintzela? Egia esan, oraindik asimilatzen ari naiz guztia. Baina bai, proiektu gehiago egon behar dira, inklusioaren alde lanean jarraitu behar dugulako; eta ez soilik kultura arloan, guztietan baizik.
Zuek egindako proiekturen bat nabarmenduko zenuke?
Denetarik egin dugu. Hasieran, dantza konpainia sortu nuenean, jendeak esaten zidan zoratuta nengoela Downen sindromea duten pertsonekin dantza konpainia bat sortzeagatik. Dantzan hasi ginen, eta lehenengo ekoizpena sortu genuen. Ekoizpenak sortzen jarraitu dugu, eta egun batean, modeloak izango ginela esan nuen eta desfilatzen irakatsi nien. Duela lau urtetik, Alex Vallejo bitxigile donostiarraren modeloak gara, eta Gipuzkoa de Moda jaialdian parte hartzen dugu. Horrez gain, Got Talent-era eta The Dancer-era joan gara, eta orain Urrezko Danborra jasoko dugu. Ez dakit zer gehiago geratzen zaigun egiteke, ez bada Ilargira joan eta bertan dantza egitea [barrez].
Nola sentitzen dira konpainia honetan dantza egiten duten pertsonak?
Konpainian zoriontsuak dira. Entseatzen dugun tokiari zoriontasunaren gela deitzen diot nik, sartzen direnean beti irribarreak, besarkadak, musuak eta maitasunezko hitzak izaten ditugulako. Beraiek nahi dutelako etortzen dira hona, beraz, zoriontasunez beteriko giroa izaten dugu entseguetan. Pozik daude, eta orain, Urrezko Danborrarekin, zer esanik ez.
Hemendik kanpo, nolakoak dira zure ikasleen bizitzak?
Bakoitzak bere lana du, eta lanetik kanpo, bakoitzak bere gustuko gauzak egiten ditu.
Eta zurea? Zein zaletasun dituzu?
Bueno, nik lana besterik ez dut egiten. Gutxitan izaten dut denbora librea, eta denbora librea dudanean nire zakur Luarekin paseatzen dut Donostian zehar. Ulia mendia asko gustatzen zait paseatzeko, zoragarria da, eta Zurriola hondartzara ere joaten gara. Ondoren, Pasealeku Berria ere zehartzen dugu, eta hiru bat orduko paseoa egiten dugu. Hori da nire pasioa, eta nire senarrarekin eta familiarekin egotea ere bai. Baina, 08:00etatik 21:00ak arte egoten naiz Manteo kiroldegian, beraz, ez dut denbora libre askorik. Hala ere, uste dut orain tokatzen dena lan egitea dela, eta tokatuko zaigu gelditzea ere.
Zein proiektu dituzu etorkizunerako?
Sortzen jarraitzea, oraingoz. Nire senarrak sartzen gaitu nahaste-borraste guztietan, eta orain ere badu ideia bat, aurreratu ezin duguna. Baina beti izaten ditugu proiektuak esku artean. Azken finean, proiektu bakoitza ilusio bat da, eta Verdini proiektu bat denez, beti egongo dira egiteko gauzak. Gainera, Urrezko Danborrak egiten dugunean gehiago sinisteko aukera eman dit, eta aurrera egiteko indarra ere bai.
Zer suposatzen du Urrezko Danborra jasotzeak zuretzat?
Urrezko Danborra jasotzea gertatu ahal izan zaidan gauzarik handiena da niretzat. Oso pozik eta hunkituta nago, ilusionatuta, eta oraindik ez dut sinesten. Oso zorionekoa sentitzen naiz Urrezko Danborra eman didatelako, eta oso eskertuta nago. Egun osoa negarrez pasatzen dut esan zidatenetik, eta jendeak kaletik gelditzen nau pozten dela esateko. Elkar besarkatu eta batera egiten dugu negar, eta oso esperientzia polita ari da izaten. Espero dut eguna iristen denean asko gozatzeko aukera izatea eta konpainiako guztiekin partekatu ahal izatea.
Urrezko Danborra ez da hiriak eman dizun sari bakarra. 2008an Verdini dantza taldeak Hiritar Merezimenduaren Domina eskuratu zuen.
Hori ere sekulako esperientzia izan zen. Atzo izan balitz bezala oroitzen dut. Udaletxeko udal batzar aretora joan nintzen, eta loreak banatzen joan ginen aretoan eserita zeuden pertsonei. Nik diskurtso bat eman nuen, eta gero, dantzari bakoitzak bere izen-abizenak eta dantzaria zela esan zuen. Une hartan tokatzen zena zen, eta aurten egingo duguna sorpresa izango da. Baina bai, 2008koa ikaragarria izan zen, eta oso ondo pasatu nuen.
Nola ospatuko duzu San Sebastian eguna?
Nola ez dudan ospatuko izan daiteke galdera [barrez]. Oraindik ez dakit zer egingo dudan; toki askotan egon beharra daukat, baina guztietan egongo naiz. Gaztelubide elkartearen afarira joango naiz, eta ondoren egingo dudana pentsatzen ari naiz orain. Momentuz, pixkanaka. Afarira joan, gozatu, eta gero gerokoak.