Bihotz beteek sortutako arteak zeharkatu ditzake barroteak
Maddi Goikoetxeak eta Sara Galanek hilabeteak eman dituzte arteterapia saioak egiten Martuteneko espetxeko emakumeekin. Orain, bildutako lana jaso eta erakusgai izango dute Loiola Kultur Etxean urtarrilaren 23ra arte, preso dauden emakumeen errealitatea ikusarazi eta estigmekin apurtzeko.

Martuteneko kartzelatik kilometro batera entzuten dira presoen ahotsak. Emakumezkoak dira denak, eta lasai ari dira hizketan; bakoitza bere ideiekin, bakoitza bere munduan. Loiolako kultur etxearen lehenengo aretoaren harrera egiten dute presondegian dauden emakumeek. Ez dira bertaratu, baina euren arteterapia saioetan grabatutako zintetako hitzek iragartzen dute jarraian ikusiko dena.
Parez pare, parte hartzaileen erretratu handiak dira nagusi, baita kolorez zipriztindutako mihise zuria eta collageak ere. «Hemen duguna, egindako lan guztiaren zati txiki bat baino ez da» adierazi du Sara Galanek, bisita hasi aurretik. Galan Emakumeak barroteen atzean proiektuaren bultzatzaile da Maddi Goikoetxearekin batera, eta astero-astero ordubete eta erdiko arteterapia saioak egin dituzte abuztu amaieratik urtea amaitu arte.
Barrenak husteko
Artearen inguruan lan egiten badute ere, diziplina desberdinetan dute jatorria bultzatzaile lanetan ibili diren bi artistek. Goikoetxea antzerki, literatura eta dantza mundutik dator. Galanek, berriz, arte plastikoak lantzen ditu. Askotariko jardueratan bildutako esperientzia baliatuta, ibilbide artistiko borobila osatzeko esperientziak tartekatu dituzte emakume taldearekin, eta besteak beste, poesia, buztina eta mural kolektiboak egin dituzte. «Arteterapiak abstrakziora garamatza eta hain garrantzitsua den inkontzientea pizten du», azaldu du Goikoetxeak. Hala, marrazki edo ipuin batetik abiatuta, emozioak azaleratzea bilatu dute. «Hasieratik, kontatzeko behar handia zutela ikusi genuen, traumak, beldurrak eta nahiak zuzen zuzenean azaleratzen zirela guk proposatutako jarduerekin», dio Goikoetxeak.
Era berean, hitzen gainetik hitz egiteko aukera eman zaie, Galanen aburuz: «Askok ez dute ongi menderatzen hizkuntza, eta hitzak iristen ez diren tokietara ailegatu garela esango nuke. Ez dira denbora pasarako saioak izan, autoezagutzarako eta emozio kudeaketarako tailerrak baizik».Kartzelako egutegiak baldintzatuta, malgutasuna izan da proiektuaren faktore nagusienetako bat. «Saioek harrera ona izan zuten, baina aurrez aurreko bisitak tarteko, parte hartzaileen kopurua aldakorra izan da» . Orotara, hogei pertsona ibili dira, zortzi lagunek asteroko jarraipena egin dute arren.
Sortzaileek Olatuak proiektuaren bitartez bultzatu dute egitasmoa, «preso dauden emakumezkoen egoera lazgarriak bultzatuta». Hasieratik izan zuten erakusketa egiteko helburua, baina ez da sorkuntzaren erdigunea izan Galanen iritziz: «Noizean behin egindakoa biltzerakoan saioan egindakoa eskegiko ote genuen galdetzen zidaten. Beste batzuetan, egindako norbaiten interesekoa izango ote zen galdetzen zuten behin eta berriro. Nolanahi ere, guk ez dugu bukaerako emaitzetan pentsatu eta prozesuak berak ekarri duen lanketa emoizonalean murgildu gara».
Amatasuna errotik
Sormenaren lanketan, denboraren erabilera izan da nagusi. Iraganera bidaiatu dute maiz, eta haurtzaroko esperientziak bildu dituzte, baina, batik bat, etorkizunean jarri dute fokua: «Egunerokoan iltzatuta daude, espetxeko errutinan, eta bizi duten egunean pentsatzera ohituta daude. Guk, baina, etorkizuneko ilusio eta nahietan murgiltzeko hautua egin dugu», azaldu du Goikoetxeak. Aurrera begira, senide, lagun eta seme-alabek bereganatzen dituzte euren pentsamendu guztiak.
Generoak ere baldintzatu egin ditu emakume taldearen sentimenduak. Batik bat, emakume izateaz gain, ama direlako parte hartzaileetako asko: «Ez da berdina aita edo ama kartzelan izatea, gizarteak ezarritako zaintza sistemak beste pisu batzuk jartzen ditu eta. Emakumea barruan dagoenean, zailagoa izan ohi da zaintza lanak eskuordetzea eta ama txarra izatearen erru eta beldur horiek etengabe agertu dira gure saioetan, baita euren seme alabengandik banatzerako orduan sortutako traumak ere». Hala, erakusketan nabariak dira euren seme-alabei zuzendutako mezu eta artelanak.
Malenen txokoa
Geruzak apurtu ahala azaleratzen joan diren sentimenduak ateratzeko, baina, inprobisazioa izan dute bidelagun. «Aurretik prestatua genuena birpentsatu egin behar izaten genuen askotan, ez genuelako asmatzen edo konexiorik sortzen», dio Galanek. Hain zuzen, ariketa baten porrotaren ostean sortu zuten erakusketako marrazki bilduma handiena: «Lurrean etzan eta euren silueta marrazteko eskatu genien, baina baten ezezkoaren atzetik etorri ziren gainerakoak. Halako batean, taldekide batek beste baten erretratua egin zuen, eta denak banan-banan gerturatu zitzaizkion marrazki eske».
Malen da taldeki hori, eta erakusketaren zati handi bat bere lanek osatzen dute. «Betidanik gustatu izan zaio arkatzarekin marraztea» dio bere amak, nabarmen hunkituta, alabaren obra aurrenekoz parez pare duela. «Oso gustura ibili da. Pentsa, behin baino gehiagotan bisitaren ordua aldatzeko eskatzen zigun, saioekin ez solapatzeko, aitortu du. Maleni bezala, gidaritza lanetan ibili direnei ere proiektuarekin jarraitzea gustatuko litzaieke, zaila ikusten duten arren: «Erakusketa, bederen, luzatzea gustatuko litzaiguke kartzelatik ateratzear daudenek ikusteko aukera izan dezaten». Nolanahi ere, egindakoaren fruituak ikusteko aukera izan dute telebistan:«Oso hunkigarria izan da beraientzat, inguratzen dituzten lau gizarte paralelo negatibo horretan dauden arren, jaso dutelako euren lanaren aitortza», azaldu du Malenen amak.