«Danbor Nagusia izatea esperientzia bakarra da»
Badator San Sebastian eguna, eta horrekin batera, badugu haur danborradako Danbor Nagusia ere: Anir Guyenbat da bera, San Jose ikastetxeko ikaslea. 12 urte ditu, eta danborradan parte hartuko duen seigarren aldia da. Udaletxean aurkeztu dituzte gaur haur danborradako pertsonaiak, eta bertan izan da Guyenbat, Danbor Nagusiz jantzita, eta sei dominak soinean.
Orain arteko danborradetan, kantinera izan da, eta upela eta danborra ere jo izan ditu. Ordea, aurten espero ez zuen berria jaso du: “Danbor Nagusia izango nintzela esan zidatenean sinetsi ezinik nengoen; ez nekien zer egin, oso pozik nengoen”. Guyenbatek azaldu duenez, bi hilabete eta erdi inguru daramatzate entseguekin, eta entseguak ondo doaz, nahiz eta “akatsen bat edo beste” egiten duten oraindik.
“Danbor Nagusia izatea esperientzia bakarra da. Asko gozatu behar da San Sebastian eguna, oso egun berezia delako”, adierazi du aurtengo Danbor Nagusiak.