Euskararen aurkako azken sententzia salatzeko mobilizatu dira: «Ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!»
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, hamarnaka lagun bildu dira ostiral arratsaldean Alderdi Ederren, Udaltzaingoaren lan deialdi bateko euskara eskakizunaren aurkako azken sententzia salatzeko. Izan ere, aste hasieran jakin zenez, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiaren epai batek baliogabetzat jo du Udaltzaingoaren lan deialdian B2 hizkuntza eskakizuna, sententziaren arabera, eskakizun hori “diskriminatzailea” delako. Elkarretaratzean salatu dute hori “euskararen normalizazio prozesuaren joko arau juridikoak aldatzea” dela. Donostiako Udaleko gehiengo politikoak —EAJk eta EH Bilduk— eta gehiengo sindikalak —LABek, ELAk eta Steilasek— babestu dute mobilizazioa.
Elkarretaratzean nabarmendu dutenez, “oldarraldi judizialak ez du etenik”: “Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa”.
Sententzia sinatu duen epailearen ustez, udaltzainak binaka joaten direnez patruilatzen, nahikoa da bakar batek euskaraz jakitea. Aldiz, Bagerak eta Kontseiluak nabarmendu dute horrek euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzen dituela: “Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake”. “Etengabe esaten digute euskara eta gaztelania biak direla ofizialak EAEko eremuan, maila berean daudela. Aldiz, epaiak azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioa oinarri, gaztelera dela hizkuntza ‘ofiziala’, herritar guztiek ezagutu behar dutena, eta euskara, berriz, ‘koofiziala'”, gehitu dute.
Azkenaldian antzeko hainbat epai egon direla gogorarazi dute, eta epai horien guztien premisa “faltsua” dela nabarmendu dute: “Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Eta herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da”.
Horrela, herritarrak mobilizatzen jarraitzera deitu dituzte: “Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.