'Herri Izaera' izeneko abestia kaleratu dute Antiguan
Antiguako jaiek Herenegun, Oihu eta Indabe taldeek egindako ereserkia izango dute aurten.
Danbor hotsek San Sebastian egunaren berri emateaz gain, festak ere badatozela iragartzen dute Antiguan. Miramarko tuneletik mendebalderantz jai giroan murgiltzen dira urtarrilean urtero, eta Matia kalea ekitaldi ororen erdigune bilakatzen da. Auzotar orok data egutegian gorriz markatuta dituen arren, txupinazorako astebeteren faltan jaiak badatozela gogorazi dute antolatzaileek bultzatu duten abestiarekin.
Antiguako Herenegun, Oihu eta Indabe taldeek egin dute jaietako ereserki berria. ‘Herri Izaera’ izeneko kantak auzoak izan dituen aldaketen berri ematen du, baita jaietan, eta jaietatik kanpo errotuta dauden ohiturak eta tradizioak kontatu ere. Festa giroan dantzatzeko abestia izan arren, auzoaren eraldaketen aurrean —Kioskoaren eraisketa, metroaren lanak eta hotelen ugaritzeak— nagusitzen den auzo erresistentzia mezua helarazi dute abestian, “kanpotarrengan pentsatzen” dutenen aurrean tinko jarraituko dutela baieztatuta.