Herriak faxismoa gelditu zuenekoaren lekuko den zubia
Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.
Urumeako ibarreko auzoetan uholdeak saihesteko, ibaiarentzat oztopo arkitektonikoak ziren hainbat zubi botatzen eta berreraikitzen joan dira azken urteotan, hala nola, Astiñenekoa eta Espartxokoa. Ordea, dituen zutabe handiengatik ibaiarentzako oztopo den zubi bat gelditzen da oraindik hirian: kuartelak eta Loiola auzoa lotzen dituen Urdintzuko zubia.
Kuartelen salerosketa sinatuta, Donostiako Udalaren esku egongo da gunea aurrerantzean, eta militarrak joaten direnean —lau urteko epea dute horretarako—, auzune berri bat eraikiko dute bertan, 1.700 etxebizitzarekin. Etxeak eraikitzeaz gain, beste esku hartze batzuk ere egingo dituzte, tartean hainbat gertakari historikoren lekuko izan den Urdintzuko zubiaren eraisketa.
1926tik zutik
Urdintzuko zubia 1926an inauguratu zuten, kuartelekin batera. Inaugurazio ekitaldi hartan, beste hainbat agintariren artean, Alfonso XIII.a Espainiako erregea, haren ama Maria Kristina eta Primo de Rivera Espainiako diktadorea egon ziren.
Hain zuzen ere, Alfonso XIII.aren izena jarri zioten militarrek zubiari, segur aski, berak inauguratu zituelako instalazio militarrak. Aldiz, inguruko bizilagunek Urdintzuko zubia deitu izan diote, han inguruan izen hori zuen etxe bat baitzegoen.
Horregatik, 1998an, udalak izen hori sartu zuen bere kale izendegi ofizialean. Aldiz, 2015ean, gatazka sortu zen horren harira, militarrek Puente de Alfonso XIII zioten plakak jarri baitzituzten zubiaren erdian, Espainiako armarriarekin. Herritarrak mobilizatzen hasi ziren, eta udalak plaka horiek kendu eta ofiziala jarri zuen. Militarrek, ordea, berriz jarri zituzten Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren aitonaren izena daramaten plakak, eta han jarraitzen dute.
36ko gerra
Zubiak bizi izan duen gertakaririk garrantzitsuena 36ko gerran izan zen, bertan adostu baitzuten militar kolpisten errendizioa eta, beraz, Donostiako herriaren garaipena.
Izan ere, altxamendu frankista 1936ko uztailaren 18an hasi bazen ere, Loiolako kuarteletako tropak ez ziren 22ra arte atera hiria hartzera. Atera zirenean, ordea, herritar ugariren erresistentzia aurkitu zuten; sozialistena, komunistena, abertzaleena eta, bereziki, anarkistena. Borrokaldi gogorrak izan ziren hiriko hainbat tokitan, eta kolpistek baino askoz baliabide eta formakuntza gutxiago izanda ere, herriak atzera egitera behartu zituen militarrak, kuarteletan setiatzera iritsi arte.
Ametzagainatik, Polloe ingurutik, Txomiñenetik zein beste hainbat tokitatik setiatu zuten kuartela, militarrek Agintarien Batzordearekin biltzea baino beste aukerarik izan ez zuten arte. Horrela, Manuel Irujo, Rafael Pikabea, Jose Maria Lasarte eta Juan Antonio Irazusta jeltzaleak eta Miguel Amilibia sozialista zubian bildu ziren Jose Vallespin, Leon Carrasco eta Enrique Erce agintari militarrekin, Loiolako kuartelen errendizioa adosteko.
Vallespinek ez zuen amore emateko asmorik, baina kolpistei ez zitzaien beste aukerarik gelditu, eta uztailaren 28an errenditu ziren, Vallespinek ordurako ihes egin bazuen ere. Horrela, milizianoak kuartelera sartu eta arma onak eskuratu ahal izan zituzten, ondoren frontean faxismoa borrokatzeko erabili zituztenak.
Mario Salegi gudari donostiarra izan zen setioan parte hartu zuenetako bat, eta errendizioa nola bizi zuen kontatu zuen Verano del 36. Memorias de un gudari liburuan (Txalaparta, 2005): «Bat-batean, garrasiek lurra astindu zuten. ‘Errenditzen dira! Errenditzen dira!’ Ehunka eztarritatik ateratzen zen zalaparta handi bat sortu zen. Une batez geldirik geratu ginen, pozezko burrunba baten erdian, entzuten genuena sinetsi gabe».
Gerrak aurrera egin zuen, eta azkenean, irailaren 15aren bueltan, tropa frankistek hiria hartu zuten. Baina ez da ahaztu behar Donostiako herriak, formakuntza militar handirik gabe eta baliabide gutxirekin, bi hilabetez faxismoa gelditzea lortu zuela, eta Urdintzuko zubia horren sinbolo bat da. Beraz, Dinamita Tour egitasmoak aldarrikatzen duen moduan, zubia botatzea beharrezkoa bada ere, guneak ez al du merezi gertatutakoa aitortu, oroitu eta azalduko duen oroigarriren bat?