Nostalgia samurrarena
THE HOLDOVERS
Zuzendaria: Alexander Payne.
Urtea: 2023.
Herrialdea: AEB.
Paul Hunham irakasle marmartia Barton eskola prestigioduneko campusean gelditu beharko da Gabonetako oporraldian, nora joan ez duen ikasle talde baten zaintza lanak burutzeko. Hunhamek begi birakari bat dauka, hemorroideak ditu eta gaixotasun genetiko arraro batek egunean zehar hazten doan arrain usaina eragiten dio. Baina bere arazo nagusia bere ikasleekiko duen gorrotoa da; elite kumeak baitira denak, pribilegio guztien jabe.
Uste ororen aurka, eta bizikidetza medio, amets gaizto hasiko den hori egonaldi samur batean bilakatuko da, Angus Tully traumaz jositako mutil adimentsu eta gatazkatsuarekin harremana estutzen joango den heinean. Nerabe errebeldea da, familia desegituratu eta aberats batean maitasun loturarik gabe hazitakoa.
Haiekin batera, hirukia osatuko du Vietnamgo horrorean seme bat galdu berri duen eskolako sukaldeburuak. Mary Lamb, emakume beltza eta pobrea; lur jota dago, baina ez du inoren errukiaren beharrik. Bere eguneroko lana du orain galera gainditu eta bizitzari aurre egiteko helduleku berriak aurkitzea.
Klase sozialak, arraza eta bazterra, beraz, bai banakakoan eta baita talde mailan ere distira egiten duten pertsonaia batzuen indar eragile eta hari eroale gisa. Baina ez zaitezte despistatu, hondamen sozialen eta pertsonalen inguruan espero daitezkeen kritika horiek guztiak adiskidetasunaren,
konformismoaren eta, batez ere, moralismotik eratorritako nostalgiaren samurrean disolbatuko dira. Emaitza onarekin, jakina.
Esan daiteke Alexander Paynek publikoaren itxaropena ez zapuztea bilatzen zuela bere itzuleran, eta aise lortu du. Film ederra, gizatiarra, drama eta komediaren arteko harmonia ezin hobea aurkeztu du. Nostalgiaz eta inteligentziaz josia, gizakiaz eta bere emozioez beste ezertaz hitz egin gabe, eraldaketaren eta sakrifizioaren ideien inguruan hazten doana.
Gutxi balitz ere, baditu filmak bestelako puntu erakargarri bi: irudia bera —70eko hamarkadan girotuta dago filma, eta, zalantzarik izan ez dadin, garai hartatik hartzen du dena— eta estetika bisual horren osagarri zuzena den soinu banda. Bereziki nabarmen Cat Stephens, The Allman Brothers, Labi Siffre eta Damien Juradoren moduko artista mitikoak, The Temptations, The Trapp Family eta The Swingle taldeen doinu gozoekin batera.


