Ozen salatu dute erakundeen eta Israelen arteko konplizitatea
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, hamarnaka lagun elkarretaratu dira ostiral arratsaldean Gipuzkoa plazan, aldundiaren egoitzaren aurrean. Elkarretaratze zaratatsua izan da, ozen salatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ohorezko domina eman diola CAF enpresako presidente Andres Aizkorretari.
Ordubete inguruz egon dira elkarretaratuta eta zarata handia egiten aldundiaren aurrean. Ertzaintzak gunea erabat hesituta zuen, eta mobilizazioan zehar tentsioa areagotzen joan da. Hain zuzen ere, ertzainak bi aldiz oldartu zaizkie protestan ari ziren herritarrei, borrekin kolpatuz.
Gero eta tentsio gehiago dago, eta ertzainak berriz indarrez oldartu dira.@irutxulo pic.twitter.com/96rdX6MJg1
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) January 12, 2024
CAF enpresa hainbat tren linea handi garatzen ari da Israelen eta, horregatik, enpresa estatu sionistaren “konplize” dela salatu dute: “CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen du (JLR ingelesez). Tranbia horrek Jerusalemgo auzo okupatuak Zisjordaniako koloniekin lotuko ditu”.
“Proiektu horrek palestinarren jabetzak konfiskatzea, lurralde palestinarra anexionatzea, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak kanporatzea eta kolono sionistak Palestinakolurralde okupatuan ezartzea ahalbidetzen du. Erakunde Sionistak nazioarteko komunitatea deritzon eta CAFen moduko enpresen konplizitatea behar du. Hau gabe, ezin du mantendu palestinarren aurkako okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimena. Eusko Jaurlaritzaren konplizitateari esker, euskal foru aldundien laguntzari esker eta euskal enpresen bultzadari esker genozidio bat gertatzen ari da Palestinan”, gaineratu dute.
Jarraian, elkarretaratzearen eta Ertzaintzaren kargen bideoa eta Aratz Garcia Zaldua argazkilariaren irudiak ikus ditzakezue: