Zurriolako jangela: elikatu eta elkarbizitza sustatu
Zurriola Ikastolak sukalde eta jangela propioak ditu, ikasleei dieta osasuntsu eta orekatua eskaintzeko, tokiko eta garaian garaiko produktuetan oinarrituta.
Zurriola Ikastolak badu bereizgarririk, eta horregatik gaurkoan jangelako arduradunekin bildu gara euren berri izateko asmoz. Maite Iraola, Junkal Manterola eta Eli Oak eman dizkigute hainbat zehaztapen ikastolak duen sukalde propioaren funtzionamenduari buruz: bertako produktuak du lehentasuna.
Elikadura osasuntsua bultzatzeaz gain, ikastolako jangela heziketa gunea ere badela aldarrikatu digute elkarrizketa egitera joan garen DBH 3ko ikasleoi, Bruno Elosegiri eta Jone Ibargureni. Asko estimatu dizkiegu eman dizkiguten azalpenak.
Zenbat urte daramatza Zurriolako jangelak? Eta zuek?
Zurriola Ikastolak betidanik izan ditu jangela eta sukalde propioa. Etxeko janariari eta elikadura osasuntsuari garrantzia eman zaio beti. Junkalek eta Maitek dagoeneko 28 urte egin dituzte jangelan, eta Elik 14 urte egin ditu.
Nola antolatzen dituzue hilabeteko menuak?
Menuak dietista batek gainbegiratzen ditu eta bakoitzaren etxeko afarietarako menu proposamena ere eskaintzen da. Horrela, familiekin elkarlanean, gure ikasleen ongizateari begiratzen diogu elkarrekin.
Inguruko produktuak erabiltzen dituzue?
Bertako produktuei lehentasuna ematen zaie; adibidez, barazkiak, haragia, esnekiak… Inguruko ekoizleekin lan egiten dugu.
Nola antolatzen zarete?
Eraikin bakoitzak bere sukalde eta jangela propioak ditu, eta orokorrean, bertako langileak Zurriola Ikastolako gurasoak edo ikasle ohiak dira.
Dieta egokituak behar dituzten ikasleek zer aukera dituzte?
Ohiko dietaz gain, dieta bereziak ere zerbitzatzen dira. Osasun arrazoiak direla eta beharra duten ikasleentzat ere egokitutako menuak prestatzen ditugu.
Sasoiko produktuak erabiltzen saiatzen zarete?
Jangela barruan elikadura osasuntsua sustatzen saiatzen gara, bai eta sasoiko jakiekin egindako menu orekatuak eskaintzen ere.
Elikadura osasuntsua bermatzeaz gain, zer beste helburu ditu gure jangelak?
Heziketa guneak dira gure jangelak. Elikadura ohitura osasungarriak ikasteko gunea, bai eta elkarbizitzarako espazioak: elkarrekin janez, elkarbizitza ikasten dugu.
Zurriolako komunitateari zer mezu zabaldu nahi zeniokete? Zein da jangelaren helburua?
Haurrek, modu osasungarrian jateaz gain, esperientzia dibertigarria eta hezitzailea izan dezaten da helburua. Hiru jangela ditugu: HHkoan, elikagaiak probatzen hasten dira; LHkoan, berriz, elikagaiak autonomia handiagoz lantzen dituzte eta DBH/Batxilergokoan, aldiz, nabari da garapen horretan ikasitakoa.