72. ediziorako filmen online izen ematea zabaldu du Zinemaldiak
Donostia Zinemaldiak 72. edizioan parte hartu nahi duten filmen aurre hautaketa ireki du. Oraingoz, WIP Latam, WIP Europa eta Nest ez diren gainerako sailetan parte hartu nahi duten filmek eman ahalko dute izena. Aipatutako sailetako izen emateak ekainean irekiko dira; beraz, ez dira orain erregistratu behar, Zinemaldiak jakinarazi duenez.
Aurreko urteetan bezala, izena emateko prozesuan, filmen arlo hauetan aritzen diren pertsonen genero identifikazioari buruzko informazioa eskatuko da: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, muntaketa, argazkia, musika, soinua eta arte zuzendaritza.
Aurre hautaketan izena emateko epea ekainaren 17an amaituko da. Informazioa, parte hartzeko arau orokorrak, sail bakoitzaren araudia eta online inprimakia Zinemaldiaren webgunean daude eskura: www.sansebastianfestival.com.