'Cristobal Balentziaga' telesailaren lehen hiru atalak aurkeztuko dituzte Viktoria Eugenia antzokian
Cristobal Balentziaga Getariako jostunari buruzko telesailaren lehen hiru atalak aurkeztu eta proiektatuko dituzte urtarrilaren 22an, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak egin du telesaila, Disney+ plataformarako. Antzokirako gonbidapenak asteartetik aurrera egongo dira eskuragarri, 11:30ean, Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean.
Viktoria Eugenia antzokian izango dira Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta gidoilariak, Lourdes Iglesias egilekidea, Alberto San Juan, Cecilia Solaguren eta Josean Bengoetxea aktoreak eta Alberto Iglesias konpositorea.
Hainbat hamarkada eta kokaleku hartzen dituen istorioa birsortzeko, telesailak 90 dekoratu baino gehiago izan ditu, 100 pertsonatik gorako profesional taldea, 4.000 figurante eta hemezortzi asteko filmaketa. Telesaileko eszena asko Donostian, Getarian, Pasaian, Irunen, Asteasun, Azpeitian, Oiartzunen eta Hondarribian filmatu dituzte, besteak beste.