Final-laurdenetara pasatu da Reala, nagusitasunez
Garaipenak eskuratu dituzte Realeko neskek, Ibaeta Basketek eta Txuri Urdineko mutilek; porrotak, aldiz, Realeko mutilek, Gipuzkoa Basketek eta Bera Berak.
Realeko neskak Huelvako Sportingen etxean aritu ziren igandean, eta nagusitasunez irabazi zuten, 1-4, kopako final-laurdenetarako txartela lortuz. Neurketa hasi eta berehala aurreratu ziren txuri-urdinak, Nerea Eizagirrek laugarren minutuan penaltiz sartutako golari esker. Etxekoek azkar erreakzionatu zuten eta seigarren minutuan berdindu zuten partida, baina Realak erasoan jarraitu zuen, eta Huelvakoak ez ziren donostiarrak gelditzeko gai izan: Franssik 37. minutuan sartu zuen bigarrena, Vanegasek 61.ean hirugarrena eta Jensenek 84.ean laugarrena. Ostegunean jakingo dute txuri-urdinek zein izango den kopan izango duten hurrengo aurkaria.
Mutilei dagokienez, Athleticen aurkako derbia jokatu zuten larunbatean San Mamesen, eta 2-1 galdu zuten. Zuri-gorriak nagusi izan ziren neurketaren hasieratik bukaerara jokoaren arlo guztietan, eta erabat merezita eskuratu zuten garaipena. Hainbat baja zituen Imanol Alguacilen taldeak, baina Athleticek erakutsi zuen une honetan Reala baino forma hobean dagoela. Berenguerrek sartu zituen etxekoen bi golak, eta Oiartzabalek azken minutuetan tartea murriztu eta Athletici urduritasun apur bat sartu bazion ere, ez zen nahikoa izan, txuri-urdinek ia ez baitzuten arriskurik sortu partida osoan zehar.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek nagusitasun handiz irabazi zion igandean Araskiri etxean, eta ligako seigarren postuan sendo jarraitzen du. Gipuzkoa Basketi dagokionez, Estudiantes ligako liderra hartu zuen etxean, eta bi punturengatik galdu zuen, partida oso lehiatu batean.
Eskubaloian, Bera Berak Atletico Guardesen etxean jokatu zuen larunbatean, eta porrot mingarria jaso zuen, hiru golengatik galduta. Horrela, ligako bigarren postuan jarraitzen dute donostiarrek.
Azkenik izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Milenio Panthersen etxean jokatu zuten larunbatean, eta nagusitasun handiz irabazi zuten. Horrela, ligako hirugarren postuan daude donostiarrak.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen Espainiako Kopa, laugarren kanporaketa
- Sporting Huelva 1 — Reala 4
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
- Athletic 2 — Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Ibaeta Basket 73 — Araski 47
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 17. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 83 — Estudiantes 85
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Atletico Guardes 31 — Bera Bera 28
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 14. jardunaldia
- Milenio Panthers 2 — Txuri Urdin 6