Lau danborradatan ez da emakumerik aterako danborra edo upela jotzen
Iaz zortzi danborrada ziren ez mistoak, baina Ondar Gain, Zubi Gain, Club Cantabrico eta Catedral Centenario mistoak izatera pasatu dira aurten.
Lau hamarkada baino gehiago pasatu dira Kresala elkarteak emakumeak onartu zituenetik bere danborradan danbor edo upel jotzaile roletan —Kresala izan zen aitzindaria, 1980an—, baina San Sebastian eguna oraindik ez da parekidea. Hainbat arrazoirengatik ez da parekidea, baina honakoa da adierazgarriena: larunbatean hiriko kaleetatik desfilatuko duten 160 danborradetako lauk ez dute emakumerik onartzen danbor edo upel jotzaile roletan.
Aizepe, Gizartea, Amigos del Europa eta Amigos Antonio Bar dira konpainia baztertzaileak. Iaz zortzi ziren danbor edo upel jotzaile gisa emakumerik onartzen ez zuten konpainiak, baina Ondar Gain, Zubi Gain, Club Cantabrico eta Catedral Centenario konpainia mistoak izatera pasatu dira aurten, Donostiako Udalak azaldu duenez. Hedabide honek, udalaren mendeko Donostiako Festak erakundeak hala azalduta, astelehenean (hilak 15) argitaratu zuen Club Cantabrico oraindik ez mistoa zela, baina udalak asteartean (hilak 16) emandako datuen arabera, elkarte horretako danborrada mistoa izatera pasatu da azkenean.
Kasu adierazgarriena Parte Zaharreko Aizepe danborradarena da, emakume bakar bat ere ez baitago konpainian: Donostiako Festak-en datuen arabera, 163 parte hartzaile ditu Aizepek, eta guztiak gizonezkoak dira. Gainontzeko hirurak Erdialdeko konpainiak dira, eta emakumeek banderadun, kantinera eta halako roletan hartzen dute parte. Amigos Antonio Bar konpainian hamabost emakume eta 176 gizon daude, Amigos del Europan zortzi emakume eta 150 gizon eta Gizartean lau emakume eta 172 gizon.
Aurten estreinakoz mistoak izango diren danborradei dagokienez, Erdialdeko Ondar Gain konpainiarena da kasurik adierazgarriena, iaz emakume bakar bat ere ez baitzegoen konpainia horretan; aurten, hamasei emakume daude eta 120 gizon. Bestalde, Parte Zaharreko Zubi Gainen 55 emakume eta 153 gizon daude aurten, Erdialdeko Club Cantabricon 30 emakume eta 150 gizon eta Erdialdeko Catedral Centenarion 75 emakume eta 165 gizon. Zubi Gainen, Club Cantabricon eta Catedral Centenarion iaz ere bazeuden emakumeak, baina Gizartea, Amigos Antonio Bar eta Amigos del Europan gertatzen den moduan, ezin ziren danborra edo upela jotzen atera; zortzi emakume zeuden iaz Catedral Centenarion, 24 Club Cantabricon eta hamabi Zubi Gainen.