160 danborrada ibiliko dira Donostiako kaleetatik
Bandera igoeran estreinakoz emakumeek eta auzoetako danborradek parte hartu zutenetik 25 urte beteko dira aurten.
Heltzear da San Sebastian eguna, eta helduen danborradaren aurkezpena egin dute Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak astearte goizean udaletxean. Alkateak nabarmendu du “inoiz baino parte hartze handiagoa” izango dutela aurtengo sansebastianek, azaldu dutenez, 21.306 lagunek desfilatuko baitute hiriko kaleetatik, 160 danborradatan banatuta. Horietatik, 9.750 emakumeak izango dira (%45,76) eta 11.556 gizonak (%55,23). Haurren danborradako parte hartzaileak batuta, beraz, 26.700 lagunek desfilatuko dute Donostiatik San Sebastian egunean. Sansebastianetan hiri guztia murgiltzen da jai giroan, eta horrek eragina izango du hiriko zirkulazioan, hainbat mozketa egingo baitituzte goizean zein arratsaldean. Danborrada guztien ibilbideak hemen kontsultatu ditzakezue.
Bestalde, nabarmendu dute lau danborrada mistoak izatera pasatu direla aurten: Ondar Gain, Zubi Gain, Catedral Centenario eta Club Cantabrico. Aldiz, oraindik lau danborrada daude emakumerik onartzen ez dutenak danbor edo upel jotzaile roletan: Gizartea, Amigos del Europa, Amigos Antonio Bar eta Aizepe. Horrela, Insaustik nabarmendu du hiriko danborrada guztien %96,88 mistoak direla; aipatu laurak baztertzaileak dira, eta Emakumeen Etxekoa soilik emakumez osatuta dago. Aldiz, udalak ez du adierazi zenbat gizon eta zenbat emakume dauden danbor jotzaileen artean, upel jotzaileen artean eta zuzendarien artean.
Gogoratu behar da, halaber, aurten bi danborrada sortu direla: Amara-Morlans-Loiolako Erribera zonako Mamelena eta Parte Zaharreko Gaztelubide Gazte. Horrez gain, Amigos de Angulas Aginaga danborradak iaz ezin izan zuen desfilatu, baina aurten hiriko kaleetara itzuliko dira. Horrela, Erdialdea da danborrada gehien dituen zona, 32rekin (%20). Antigua da danborrada gehien dituen bigarren eremua (27, %16,87), Gros hirugarrena (25, %15,62), Parte Zaharra laugarrena (24, %15), Amara-Morlans-Loiolako Erribera bosgarrena (23, %14,37), Altza-Bidebieta-Intxaurrondo seigarrena (19, %11,87) eta Loiola-Egia-Martutene zazpigarrena (10, %6,25).
25 urte bandera igoera aldatu zenetik
Goiak eta Insaustik gogorarazi dute aurten 25 urte beteko direla bandera igoeran estreinakoz auzoetako danborradetako ordezkariek eta emakumeek parte hartu ahal izan zutenetik: “Esan dezakegu 1999ko igoeraren ospakizuna izan zela gure jaiaren lehen eta ondorengo bat; igoera herrikoiagoa, adierazgarriagoa eta integratzaileagoa egin zen, gure jaiaren berezitasunaz gozatu nahi duten pertsona guztiek parte hartzeko irekitako jai baten izpiritua irudikatuz”.
1999an, Donostiako banderaren ofizialtasuna ospatzeko gonbidatu zituzten auzoetako danborradetako ordezkariak sexu bereizketarik gabe bandera igoeran Gaztelubide danborradarekin batera parte hartzera —1934tik Gaztelubide da bandera igoeran Plaza Berriko oholtzan dagoena—. Izan ere, bandera 1813tik erabiltzen bazen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen ofizialki onartu 1998ko urriaren 30era arte.
Horrela, 1999ko bandera igoeran, orduan hirian zeuden 75 danborradetako 63k parte hartu zuten Gaztelubiderekin batera; hamalau ordezkari emakumeak izan ziren eta 49 gizonak. Hauek izan ziren ekitaldi hartan emakumezko ordezkari batekin parte hartu zuten konpainiak: Emakumezkoen Anastasio, Eskaut Gia, Haritza, Kresala Gazteak, Amara Berri Guraso Elkartea, Herria, Marruma, Anastasio Senior, Intxaurra, Kresala, Lurgorri, Antxeta, Larratxo eta Zulo Zahar. Orain, duela 25 urte zeuden danborraden bikoitza baino gehiago daude hirian (160), eta 120k (%75,63) bidaliko dute euren ordezkaria Gaztelubiderekin batera oholtzan jotzera. Horietatik, 55 emakumeak izango dira (%45,83).
1999. urteko bandera igoeran parte hartu zuten hainbat lagunek ere hartu dute hitza prentsaurrekoan: Eskaut Giako Amaia Revueltak, Larratxoko Danborradako Lurdes Olabarrietak, Loiolatarrako Angel Calvok eta Ibaetako Danborradako Miguel Sueskunek. Denek nabarmendu dute “ahaztezina” izan zela, eta bereziki Revueltak eta Olabarrietak aldarrikatu dute emakumeek jaiaz berdintasunez gozatzeko eskubidea dutela: “Gustatuko litzaidake denok izatea benetan eskubidea danborra, upela edo nahi duguna jotzeko”, adierazi du Olabarrietak. Udalaren datuen arabera, 1999an, 75 danborradetako 29 mistoak ziren, eta hamaseik urketariaren figura zuten; aurten, 160 danborradetako 155 mistoak dira, eta 33k erabiltzen dute urketariaren figura.
Bestalde, aurtengo Urrezko Danborrak, Isabel Verdini dantzari eta dantza irakasleak Gaztelubiderekin batera joko du bandera igoeran. Bandera jaitsierari dagokionez, Union Artesana igoko da oholtzara urteroko legez —1957tik da horrela—, eta auzoetako danborradetako 108 ordezkarik hartuko dute parte —58 gizon eta 50 emakume—. Goizaldi dantza taldeak ere parte hartuko du ekitaldian.
Urteurrenak eta omenaldiak
2020tik, San Sebastian egunaren ondoren, hiriko eragile bati ematen dio udalak udaletxe zaharrean 24 orduz zintzilik egon den Donostiako bandera, bordatuta. Horrela, aurten 100 urte beteko dituen Loiolatarra elkarteari emango diote bandera, alkatearen hitzetan “100 urteko ibilbidean nahikoa arrazoi daudelako elkartea omentzeko”. 2020an, Union Artesanak jaso zuen bandera, bere 150. urteurrenarengatik; 2021ean, Osakidetzari eman zioten pandemian egindako lanarengatik; 2022an, ez zen jairik ospatu eta, 2023an, Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteak jaso zuen bandera bere mendeurrenarengatik.
Horrez gain, Ikasbide Kultur Elkartearen (Amara Berri) eta Axularreko (Antigua) danborradek 25 urte beteko dituzte aurten, eta Atotxa Erreka danborradak (Añorga Txiki) 50 urte. Hori dela eta, aipamen berezia egin diete konpainia horiei, eta aitortzarekin eskertuta agertu dira Ikasbideko Julen Sanchez, Axularreko Jose Maria de Diego eta Atotxa Errekako Peio Etxaniz.
Gure Donostia proiektua
San Sebastian egunaren bueltan, hiriko 100 establezimendutan baino gehiagotan sansebastianei buruzko bederatzi esaldiak daramatzaten kartelak jarri dituzte. Khaos irabazi asmorik gabeko elkartearen sortzaile Lucia Gorostidiren eta Paula Sevillanoren proiektua da, Donostiako Festak erakundearen, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Donostiako Udaleko Ekonomiako, Bertako Enplegurako eta Ekologiako Sailaren babesa jaso duena.