777.000 bisitari izan ditu Tabakalerak 2023an
Tabakalerak 777.000 bisitari izan ditu 2023an, 2022an baino 80.000 bisita gehiago. “Hazkunde nabarmen horrek zentroak lehen mailako kultura erreferente gisa duen posizioa sendotzen du”, azaldu du Tabakalerak ohar baten bidez. Erakusketek goranzko joera izan dute: 173.300 bisitari izan dituzte guztira, Medialab Tabakaleran bisitari gehien jaso duten urtea izan da ireki zenetik, eta programazioan parte hartu dutenen kopurua %70 hazi da.
2023ko EAEko kultura erakunde eta jardueren zerrendan hirugarren postuan dago, Donostia Zinemaldiaren eta Guggenheim Museoaren atzetik. Tabakalerak posizionamenduan izan duen aurrerapen hori bereziki nabarmena da estatuan, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak zazpi postu egin baitu gora, eta sailkapen orokorreko 33. postuan kokatu da.
Erakusketa eskaintzari dagokionez, bereziki nabarmena da That Time mostraren arrakasta. Tabakaleraren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lehen lankidetzak marka berria ezarri du, 41.100 bisitari erakarri ostean. Ekainaren 22an ireki zenetik, askotariko publikoen erantzun ona jaso zuen erakusketak eta Tabakaleraren historian gehien bisitatu den erakusketa bihurtu da, besteak beste, Francis Bacon, Francisco de Goya, Susana Solano, Mari Puri Herrero eta Ainara LeGardon artisten lanekin.
Erakusketez gain, Tabakalerak zifra positiboarekin amaitu du urtea, jendearen parte hartzeari dagokionez: programazioak 2022an baino %30 parte hartzaile gehiago erakartzea lortu du. Guztira, 408.500 pertsonak hartu dute parte zentroak joan zen urtean egindako kultur eskaintzan.
Urterik onena Medialabentzat
2023 urtea Medialab Tabakaleraren urterik onena izan da datuei dagokienez. Batez beste, hilean 20.000 pertsona baino gehiago joan dira bertara, eta inoizko bisitari kopururik handiena lortu du. Guztira, 247.200 mila bisitarik erabili dituzte Tabakalerako sorkuntza liburutegiak eta herritarren laborategiak eskaintzen dituzten zerbitzuak.