Txillida izena jarri diote Maria Cristina hoteleko suite bati
Maria Cristina hotelak Txillida izena jarri dio suite bati, Eduardo Txillida eskultorearen 100. urteurrena dela eta. Luxury Collection Hotel kateko hotelak azaldu duenez, hainbat apaingarrirekin dekoratu dute gela: Txillidaren irudi pertsonalen bilduma batekin eta haren zenbait lanekin, hala nola La Nuit (1995) edo Gurutze gorria II (1984).
Kolore grisak eta beixak erabili dituzte suitea margotzeko, eta belle epoqueko jatorrizko elementuak ere badaude bertan; Collage 1996 alfonbra, kuxinak eta tapaki bat ere bai, artistaren lan grafikoaren motibo ezagunekin. Eduardo Chillida OPUS liburuetako lau liburukiak ere aurki daitezke, baita kontsultarako beste liburu batzuk ere.
Gainera, suite honetan ostatu hartzea erabakitzen duten bisitariei Txillida Leku museorako sarrerak oparituko dizkiete.