Zuhaitz landaketa antolatu dute Haritzaldek eta IRUTXULOKO HITZAk
IRUTXULOKO HITZAren balioetako bat da ingurumena zaintzea eta naturaguneak babestea, eta, horregatik, Haritzalde Naturzaleen Elkartearekin bat egin dugu, zuhaitz landaketa bat antolatuz. Hurrengo iganderako, hilaren 28rako, antolatu dugu landaketa, eta Altzako Auditz Akular eremuko Tomasenea parkean izango da.
Egitasmo irekia da, eta nahi duen orok parte hartu dezake, aurretik izena emanda. Izena emateko, hitzakidea-irutxulo@hitza.eus helbidera idatzi behar da, parte hartzaile guztien izen-abizenak eta adinak adieraziz, telefono zenbaki batekin batera. 11:00etan izango da zita, Harri Berri-Oleta ikastetxearen alboko aparkalekuan (Berra bidea, Altza). Dbusen 13. eta 27. autobus lineen bidez iritsi daiteke topalekura. Animatu eta parte hartu!
Hiru hamarkadako lan nekaezina
Haritzaldek 30 urtetik gora daramatza ingurumenaren aldeko borrokan Donostian zein hiritik kanpo. Antolatzen dituzten jarduera ohikoenen artean daude zuhaitz landaketak, 1997an lehenengoa Mendizorrotzen egin zutenetik. Ordutik, 7.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte, gehienak Donostian: Igeldoko Mendizorrotzen, Puion, Loiolako Erriberan, Txominen, Loiolan, Miramonen eta Egian, besteak beste. Hala ere, hiritik kanpo ere hainbat lekutan egin dituzte zuhaitz landaketak, hala nola, Altzon eta Aian (Gipuzkoa).