Borja Corominas PPko zinegotziari Zilarrezko Upela emango dio Ayeteko Danborradak
PPk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Aiete auzoko Ayeteko Danborradak Zilarrezko Upela emango dio PPren udal taldeko bozeramaile Borja Corominasi. Alderdiak azaldu duenez, Corominasek “Urgull mendiak ondare historiko eta monumental gisa duen balioaren alde egindako lan nekaezinarengatik eta horretan erakutsitako irmotasunagatik” erabaki du aipatu konpainiak Corominas saritzea. Ostiralean (hilak 19) emango diote Zilarrezko Upela, Barcelo Costa Vasca hotelean, 20:00etan.
“Gainera, Borja Corominasek Donostiako saltoki txikien alde egiten duen lana eta hurbiltasuna aitortu nahi ditu konpainiak; izan ere, Corominas maiz joaten da saltokietara, euren arazoak ezagutzeko eta euren egoera hobetzen laguntzeko”, gehitu du PPk. Aiete da, hain zuzen ere, azken udal hauteskundeetan PPk boto gehien jaso zituen bigarren auzoa, Erdialdearen ondoren; popularrak bigarren indarra izan ziren Aieten, EAJren ondoren.
Ayeteko Danborrada 2019an sortu zen, eta 120 lagunek osatzen dute: 84 emakume eta 36 gizon. Hilaren 20an, 18:00etan abiatuko dute euren ibilbidea, Jose Olaizola kaletik. Auzoa zeharkatu ostean, Amararaino jaitsiko dira, ondoren berriz Aietera igotzeko. 22:00etan bukatuko dute.
Gregorio Ordoñezi omenaldia
Corominas ez da izango omenaldi bat jasoko duen PPko zinegotzi bakarra, ETAk 1995ean hildako Gregorio Ordoñez ere omenduko baitute San Sebastian egunean. Izan ere, Ordoñezen alargun Ana Iribarrek antolatuta, hainbat danborradatako Ordoñezen hainbat lagun Aiete Kultur Etxean bilduko dira eguerdian, han ikusgai baitago Ordoñezen bizitzaren inguruko La vida posible erakusketa. Horrela, San Sebastian martxa joz omenduko dute Ordoñez.