Derbitik derbira, eta final-laurdenetara?
Realak hil ala biziko partida bat jokatuko du gauean Iruñean Osasunaren aurka (21:00), kopako final-laurdenetarako txartela izango baitute jokoan.
Bigarren derbia hiru egunetan. Horixe izango da Realarentzat gauean Sadar estadioan jokatuko duen neurketa, eta denboraldiko orain arteko partida garrantzitsuenetako bat izango da, gainera. Igandean Athleticen etxean jokatutakoaren aho zapore txarra kentzeko partida aproposa izan daiteke, baina baita aho zaporea are txarragoa izateko aproposa ere, Osasuna kontuan izateko moduko aurkaria baita, are gehiago bere etxean. Antzara jokoa balitz bezala, derbitik derbira doa Reala, eta txanda galdu nahi ez badu, irabazi beharko du, ez dago besterik.
Horregatik, San Mamesen baino intentsitate handiagoarekin atera beharko dira zelaira Imanol Alguacilen mutilak, bestela jai baitute. Ez da ahaztu behar gorritxoak iazko kopako azpitxapeldunak direla, eta Espainiako Superkopan Bartzelonaren aurka galtzetik jokatzetik datozela. Hala ere, estatistikak alde dituzte txuri-urdinek: Sadarren jokatutako azken zortzi partidetako bakar bat ere ez dute galdu, eta horietako bost irabazi dituzte, jarraian.
Alguacilek Remiro eta Sadiq berreskuratu ditu partida honetarako, atezainaren zigorra bukatu baita eta aurrelaria, lesionatuta zegoelakoan, Nigeriako selekziotik itzuli baitzen, baina jokatzeko moduan dago orain. Sadiqi soilik gertatzen zaizkion gauza arraro horietako bat; gaurkoa ere Sadiqek soilik egin ditzakeen partida arraro horietako bat izatea espero dute realzaleek, gol ikusgarriren bat sartzen duen partida horietako bat. Ez da aurreikusten nigeriarra lehen minututik zelairatzea, baina minutuak izateko aukerak ditu.
Hamaikakoari dagokionez, beraz, Traore eta Take oraindik Afrikako eta Asiako Kopetan egonda eta Carlos Fernandez, Odriozola eta Andre Silva min hartuta edo ukituta egonda, litekeena da Remiro egotea atean; Aritz, Zubeldia, Le Normand eta Aihen atzean; Merino, Zubimendi eta Turrientes edo Zakharyan erdian eta Brais, Oiartzabal eta Barrenetxea aurrean.