Indarkeria sexistaren aurkako informazio eta arreta gunea jarriko dute San Sebastian egunean
Donostiako Udalak San Sebastian egunean eraso sexistak saihesteko kanpainarekin jarraituko du aurten, eta baita erasoren bat jasoz gero biktimak artatzeko kanpainarekin ere. Kasu horiei aurre egiteko informazio, prebentzio eta arreta gune bat jarriko du udalak Bulebarreko kioskoan, urtarrilaren 19ko 22:00etatik urtarrilaren 20ko 04:00etara. Iazkoarekin alderatuta, bi ordu gehiago luzatuko dute zerbitzua aurten.
Informazio gunean honako materiala egongo da eskuragai: lepoko zapiak, txapak, eranskailuak, eskumuturrekoak, neskentzako eta mutilentzako liburuxkak eta baliabideen telefono txartelak. Bestalde, sentsibilizazio materiala banatuko dute hiriko 100 tabernatan, besteak beste: eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa, pegatinak eta zerbitzarientzako txapak. Neurri horiek sexu hezkuntzan eta berdintasunean adituak diren emakume gazteek gauzatuko dituzte.
“Bi ekintza horien bidez, eraso sexisten aurkako jarrera proaktiboak sustatu nahi dira, eta eraso sexistak jasaten dituzten emakumeei eta neskatoei arreta eman”, azaldu du Donostiako Udalak.