Betania telebista kate diozesiarra itxiko dute
Donostiako Gotzaindegiak duela hiru urte martxan jarritako elizbarrutiko Betania telebista katearekin ez jarraitzea erabaki du. Izan ere, “defizit ekonomiko esanguratsua eta gero eta handiagoa” daukala azaldu dute, eta proiektua hasi zenean aurreikusi zutenetik urrun, “bideraezina” dela azaldu du euskal elizbarrutiko Hedabideen Ordezkaritzak ohar batean. “Ez dago etorkizun hurbilean joera hori alderantzikatu daitekeela pentsarazten duen adierazlerik”, gaineratu du.
Era berean, 2024ko otsailaren 14tik aurrera kanal guztiek bereizmen handian emititu behar izateak “are egoera zailagoa” sortu duela azaldu dute. Sistema berri horretara egokitzeak “inbertsio ekonomiko berri eta garrantzitsu bat” ekarriko lukeela diote, eta horri “funtzionamendurako hileko gastu iraunkor handia gehitu beharko litzaioke”.
Itxierarekin, elizbarrutiak “diru asko” aurreztuko duela uste dute. Diru hori “elizbarrutiko zerbitzuen profesionalizazio handiago batean” erabiltzeko asmoa dute, baita “komunikazio zerbitzuen hobekuntzan” ere.
Webgune berri bat eta sare sozialak
Elizbarrutiak webgune berri bat, “modernoagoa”, estreinatuko du datozen egunetan. Horri “elizbarrutiko bizitza islatuko duen ikus-entzunezko sorkuntzako lana” gehituko zaio. Guzti honek, Gotzaindegiko YouTube edo Twicheko kanalekin batera, orain arte Betania telebistak ematen zituen ospakizun eta informazioei jarraipena emango die.