Sansebastianetan ere Palestinari elkartasuna adieraztera deitu dute
San Sebastian egunean ere Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelen gauzatzen ari den genozidioa salatzeko deia egin du BDZ Israeli boikot egiteko, desinbertsioak egiteko eta zigortzeko kanpainaren aldeko plataformak. Sarean zabaldu dute deialdia, eta, besteak beste, Parte Zaharreko Plaza Berriko sarreretan Palestinako banderak banatuko dituzte, jendeak bandera igoeran erakutsi ditzan.
Horrez gain, Palestinaren aldeko txapak egin dituzte, eta herritarrak zein danborradak animatu dituzte soinean txapa horiek eramatera; hiriko hainbat taberna eta bestelako espaziotan daude salgai, eta BDZrekin harremanetan jarrita ere eskuratu daitezke. Bestalde, danborradei eskatu diete isilunea egiteko Palestinaren alde.
Era berean, herritarrak deitu dituzte Palestinaren banderak erakustera “danborrada eta une ofizialetan, etxeko balkoietan, espazioetan, eta abarretan”, zein “boikota eta Palestinarekiko elkartasuna adierazi dezakeen beste edozein ekintza, propaganda, adierazpen egitera”. Palestinaren aldeko eta Israelen boikotaren aldeko mezuak eta argazkiak sareetan zabaltzera ere animatu dituzte herritarrak.