Txupina botatzearekin batera lehertu da jaia Antiguan
San Sebastian egunaren bezperan hasi dira Antiguako sansebastianak, Txirain elkarteko lehendakariak txupina bota ostean. Loretope konpartsako erraldoiek kalejira egin dute bostetatik aurrera auzoan zehar. Jai batzordeak aipatu du aurten jai xumeagoak izan arren, “oso egitarau betea dagoela”, eta aurten jai batzordean lan egitera jende asko batu dela.
Era berean, komertzio txikien “esfortzua” izan dute gogoan, jaiak aurrera ateratzeko egindako lanagatik. Ezinbestean, Dokaren falta nabarmendu dute, “beti jaien alde egin duen auzoko eragilea”. Esan bezala, Txiraineko presidenteak bota du txupina, eta gogoratu du nola sortu zuten elkartea. Azaldu duenez, elkartearen hasieratik “emakumezkoen eta gizonezkoen parekidetasunean” aritu dira, eta auzoan euskararen aldeko lana ere beraien ardatz nagusietako bat dela adierazi du. Zezenzuzkoak girotu du auzoa ondoren.