Donostiarrek jai giroan agurtu dute San Sebastian eguna
Banderaren jaitsi du Eneko Goia alkateak eta donostiarrek urtebete itxaron beharko dute danbor eta upel arraden soinua entzuteko.
Urte osoan zehar itxarondako egun berezia amaitu da beste behin. San Sebastian egunak 24 orduz eteten ez den festa giroan murgiltzen du hiria, eta bazter guztietara barreiatzen ditu danbor eta upel arradak. Emozio handiko festa, baina, hurrengo egunaren hasierarekin amaitzen da, askorentzat labur izaten bada ere. Gauerdian, donostiarrek adi-adi jarraitu dute banderaren jaitsiera, Plaza Berrian. Ohi moduan, Union Artesana konpainiak gidatu du agurraren ekitaldia, eta Eneko Goia alkatea arduratu da udaletxe zaharreko bandera jasotzeaz. Bien bitartean, Parte Zaharreraino bertaratu diren milaka eztarriek kantatu dituzte Sarriegiren abestiak azkeneko aldiz, eta aldarrikatu dute, Donostia “bakarra” dela munduan.
Alkateaz gain, Plaza Berriko udaletxe zaharrean izan dira udal gobernuko eta udal taldeko kideak. Era berean, Isabel Verdini 2024ko Urrezko Danborra izan da balkoian, jai egunaren azken uneak gozatzen. Taulan gainean, berriz, ehun lagunetik gora girotu dituzte egunaren azken minutuak. Union Artesanak, soldaduz jantzitako lehen emakumea izan du aurten, eta ohi bezala, Goizaldi dantza taldeko kideak eta auzoetako danborradetako ordezkariak izan ditu bidelagun.
Egun berezia bukatu den arren, festak ez du etenik Parte Zaharrean, eta larunbata izanik, donostiar ugarik inguruko kale eta tabernetan ospakizuna luzatzea erabaki dute. Gainerakoei, ordea, eguneko emozioak bildu eta danborrak eta jantziak gordetzeko unea iritsi zaie. Donostiarrek beste 365 itxaron beharko dituzte egun berezirako; dagoeneko, baina, abian da atzera kontaketa, eta gutxiago falta da 2025eko urtarrilaren 20rako.