Hamaika tona zabor bildu dituzte San Sebastian egunean
Donostiako Udaleko garbiketa zerbitzuek hamaika tona hondakin bildu dituzte asteburuan hiriko Erdialdean eta Parte Zaharrean. Carlos Garcia Hiri Mantenimenduko zinegotziak adierazi duenez, “San Sebastian jaia asteburuan izan da, eta pertsona kopurua nabarmen hazi da. Ondorioz, hondakinen bilketari dagokionez, iaz baino %52 gehiago jaso dute. Jende asko zegoenez, eta ostalaritzako lokalen ordutegi berezia goizeko zortziak arte luzatu zenez, langileen garbiketa lanak zaildu egin ziren. Ezinezkoa zen kale jakin batzuetara makinekin iristea, eta horrek beste egun batzuekiko atzerapena ekarri zuen, eta zenbait gunetan zikinkeria sentitu da”.
Udalaren arabera, 25 pertsonak urtarrilaren 20an eta 21 langilek 21ean ahaleginak egin dituzte hondakinak kentzeko, erratza pasatzeko eta kaleak ureztatzeko, zaborrak biltzeko ibilgailuak gidatzeko, pankartak kentzeko eta biltzeko, eta haur danborradan laguntzeko animaliak eramaten dituzten konpainien gorotzak biltzeko. Ia dozena bat ibilgailu erabili dituzte garbiketa lanetarako.
Urtarrilaren 20an, larunbata, 6.000 kilo hondakin bildu zituzten Erdialdean eta Parte Zaharrean, eta hilaren 21ean, igandea, 4.940 kilo.