Digitalizazioaren ondorio sozialak eta ekologikoak izango dituzte hizpide Okendo Kultur Etxean
Urtarrilaren 29an, Adrian Almazan ikertzaileak Digitalizazioaren ondorio sozialak eta ekologikoak hitzaldia emango du, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Ekologistak Martxan eta Satorralaia taldeek antolatu dute, “jendartean gero eta kezka handiagoa sortzen ari den munduaren digitalizazio azkarraren aurrean eztabaida sustatzeko”.
Adrian Almazan, Madrilgo Carlos III unibertsitatean filosofia irakaslea eta Fisikan lizentziatua da. Ekologistak Martxan erakundeko kidea da, eta digitalizazioak eragindako ingurumen eta gizarte inpaktu larriez ohartarazten ari da. Técnica y tecnología. Como conversar con un tecnolófilo (2021) liburua argitaratu du, eta Contra la doctrina del shock digital (2020) argitalpen kolektiboan parte hartu du besteak beste, non digitalizazio sozialeko proiektu baten ezarpena salatzen duen, “aldi berean ez-desiragarria, antidemokratikoa eta ekologikoki jasanezina dena”. Horrez gain, dozenaka artikulu kaleratu ditu, “kapitalismo digitalak gure gizarte hiperkontsumistaren kolapso ekosozialerako ibilbidea sakontzen duela azpimarratuz”, azaldu dute antolatzaileek.
Adierazi dutenez, industria teknologikoak azken urteotan digitalizazioa izugarri azkartu du, hezkuntzan jarduera digitala orokortuz, robotizazioa hedatuz, teknologia hauei lotutako “arrisku psikosozialak nahiz osasun arazoak biderkatuz”, eta herritarren jarraipen orokorrerako datuen pilaketa eta konputazio sistemak “erakundeen eta enpresa handien mesedetan” garatuz. Ildo honetan, gizartearen digitalizazio osoa sustatzen duen IBM korporazio teknologiko estatubatuarrak Donostian instalatzeko asmoa duen superkonputagailu kuantikoari buruz arreta piztu nahi dute bestalde.