EHUk ikasle berrientzako informazio azoka egingo du larunbatean
Ibaetako campuseko eraikinetan taldekako informazio saioak emango dituzte eta banan-banako arreta ere eskainiko da.
Unibertsitatean sartu behar direnek hitzordua dute asteburuan, izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak orientaziorako azoka abiatuko du larunbat goizean. Ibaetako campusa izango da ateak irekitzen lehena —Leioa eta Gasteizko campusen aurretik—, 2023-2024 ikasturtean eskainiko diren graduak aurkeztu eta matrikulazioa nola egin azaltzeko. Hala, fakultate eta eskoletako irakasleek informazio saioak emango dituzte taldeentzat eta banan-banako arreta ere eskainiko da.
Graduak multzoka azalduko dira campusa osatzen duten hainbat erakinetan. Ignacio M. Arriola zentroan, arteak eta giza zientziak arloko, gizarte eta lege zientziak arloko eta unibertsitate zerbitzuaren inguruko informazioa eskaini eta zalantzak argituko dira. Carlos Santamaria zentroan, aldiz, osasun arloko zientzien eskaintza ezagutu ahal izango dute interesa dutenek; eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, berriz, ingeniaritza, zientzia eta arkitektura ikasketak izango dituzte hizpide.
Erakusmahaietarako sarrera irekia izango da, baina informazio saioetarako ezinbestekoa izango da izena ematea. EHUren webgunean zehazten denez, ikasleek baino ezin izango dute izena eman, eta nahi izanez gero, bakoitzak bi laguntzaile gehitu ahal izango ditu, gehienez, bere inskripzioan.