Eskultura izango du ardatz Tabakalerak 2024an
2024ko Tabakalerako erakusketa programak eskulturari erreparatuko dio, hainbat korronte eta joera arakatuz, bai euskal testuinguruan, eta baita nazioartean ere. Ikuspegi hori bat etorriko da Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea eskultoreen mendeurrenekin. Programazio zabal baten bidez, Tabakalerak arte eskultoriko garaikidearen aberastasuna ospatzeaz gain, arte adierazpen hori balioesteko ikuspegi eta testuinguru berriak eskaini nahi ditu. Erakusketa areto nagusiak hiru mostra hartuko ditu urtean zehar.
Larruak eta izurrak erakusketa, Laura Valles Vilchez komisario duena, euskal eskultura garaikidean barneratuko da, artista belaunaldi berrien nazioarteko nagusitasuna nabarmenduz. Materikoa dena, espazioa, gorputza eta mugimendua arakatuz, obrak performancera eta koreografiara hurbiltzen dira. Erakusketak Sahatsa Jauregi, June Crespo, Kimia Kamvari eta Yael Davids artisten ekoizpen berriak eta Nora Aurrekoetxea, Iman Issa eta Lucia Kochen lanak hartuko ditu barne. Ekoizpen berriko lanak, performance eta dantza garaikideko artistek eta kolektiboek aktibatuko dituzte, Tripak kolektiboak edo Beatriz Setienek, esaterako. Erakusketa otsailaren 24tik ekainaren 2ra egongo da zabalik.
Topalekuak erakusketak, Soledad Gutierrezek komisariatuta eta ekainerako programatua, Eduardo Txillidak testuinguru garaikidean utzitako ondare artistikoa aztertuko du. Mostrak Txillidaren beraren eta Euskal Herriko eta nazioarteko artisten lanak barne hartuko ditu. Azken horietako batzuek ekoizpen berriak sortuko dituzte Chillida Lekurekin eta haren artxiboekin harreman estuan. Erakusketa Txillidak arteari buruz duen ikuspegi holistikoan oinarritzen da, naturarekin lotuta, eta intuizioaren alde egiten du lan metodo gisa. Parte hartuko duten artisten artean Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Christian Salablanca, JUF Project, Laia Estruch, Marianna Simnett eta Sheroanawe Hakihiiwe daude.
Zentroaren areto nagusiaren erakusketa programazioa Gabriel Chaile artista argentinarrari eskainitako bakarkako erakusketa batekin amaituko da, Veneziako Biurtekoaren azken edizioan izandako parte hartzearekin mundu mailako ospea bereganatu zuen artista. 1985ean San Miguel de Tucumanen jaioa, adobez egindako formatu handiko eskultura zirraragarriengatik da ezaguna Chaile, kolonaurreko zeramikaren forma eta erabilerak, etxekoak zein erritualak, gogora ekartzen dituztenak. Erakusketa hau Chailek estatuan lehen aldiz egingo duen bakarkako lehen aurkezpena izango da, eta Tabakalerarako propio sortutako ekoizpen berriak eskainiko ditu 2024ko urritik 2025eko otsailera bitartean.
2024ko erakusketa programa:
Erakusketa: You want it to be art and I want it to be magazine. Hilary Lloyd eta Many of Themen arteko elkarrizketa.
Datak: Urtarrilak 27-apirilak 7
Lekua: Erakusketa aretoa 2
Erakusketa: Larruak eta izurrak
Datak: Otsailak 24-ekainak 2
Lekua: Erakusketa areto nagusia
Erakusketa: Situ-akzioak
Datak: Apirilak 26-abuztuak 25
Lekua: Erakusketa aretoa 2
Erakusketa: Topalekuak
Datak: Ekainak 20-urriak 6
Lekua: Erakusketa areto nagusia
Erakusketa: Gabriel Chaile
Datak: urriak 25-2025eko otsailak 25
Lekua: Erakusketa areto nagusia