Goiak San Sebastian eguneko giro aparta eta parte hartze handia nabarmendu du
San Sebastian egun "borobila" izan da aurtengoa, Eneko Goia alkatearen iritziz.
San Sebastian egunaren biharamunean, balorazioa egin zuen Eneko Goia alkateak, egunaren nondik norakoa azaltzeko. Donostiako alkateak aurtengo urtarrilaren 20ko balantzea “oso baikorra” dela adierazi zuen, “ekitaldi guztiak normaltasunez eta bikaintasunez” aurrera eraman zirelako. Era berean, Donostiaren festa handiak izan zuen parte hartze handia nabarmendu zuen, kaleetan giro aparta izateaz gain, donostiar asko konpainiatan atera zirelako desfilatzen: “Inoiz izan duen danborrari gehien izan duen San Sebastian eguna izan da aurtengoa eta horrek esan nahi du jaia osasuntsu dagoela eta jendeak bere egiten duela, zalantzarik gabe”.
Bandera igoeran eta jaitsieran bildu zen jendetza horrek baina, eragin zuen eguneko eragozpen handiena alkatearen iritziz. Izan ere, festarako gogoa ez zen eten bandera jaitsierarekin, eta larunbata izanik Parte Zaharrera bertaratu ziren askok igandeko ordu txikiak arte luzatu zuten festa: “Garbitasunean lan gehiago egin behar izan da eta kosta egin da Parte Zaharra garbi mantentzea bertan zegoen zabor kopurua oso handia zelako eta jendea ordu txikitan kalean zebilelako”.
Nolanahi ere, donostiarrek “egun borobila” bizi izan zutela adierazi du alkateak , eguraldia lagun izateaz gain, emozio handiko momentuak bizi baitira haur dominen eta urrezko danborraren zeremoniekin, eta baita haurren danborradarekin ere.